Joan den asteburuan Egian partidua irabazi zuten mahoneroek, eta zapatukoa "azken hiru partiduetako lehen finala" bezala deskribatu du eskubaloi saileko Josetxo Muniategik. Bederatzigarren dira taulan gaur egun, eta daukaten erronka da azken hiru partiduok irabaztea.
Bada, zapatu honetan etxean jokatuko dute Elgoibarren aurka. Talde hau taulako azken postuan dago, baina bergararrei ez zaie lasaitzea komeni, izan ere, "filiala izanik, talde gaztea da, eta joko bizkorra egiten duena eta golak ere erraz egiten dituena". Hortaz, partidu arriskutsua izan daiteke. Hala, Muniategik uste du partiduko klabea izango dela Bergara defentsan ondo aritzea.
Hurrengoan, liderra aurkari
Esan bezala, hiru partiduok irabaztea da bergararren erronka. Bada, datorren astean partidu gogorra izango dute; izan ere, Ordizia liderraren aurka jokatuko dute, haien etxean, gainera. Orain artean, goierritarrek partidu bat galdu dute eta berdinketa bat izan dute, baina, gainontzekoan, neurketa guztiak irabazi dituzte. Lan gogorra, beraz, mahoneroendako.
Bukatzeko, denboraldiko azken partidua etxean jokatuko du Soraluce BKEk, Ormaiztegiren kontra. Gaur egun hamalauna puntutara berdinduta daude bi taldeok, nahiz eta bergararrak taulan postu bat gorago dauden.
Labegaraietako gainontzeko hitzorduak
Nagusiena ez da asteburuan Labegaraietan jokatuko duten eskubaloi partidu bakarra. Gazte mailako mutilek (Arrano Taberna BKE) ere zapatuan jokatuko dute, 13:00etan, Legazpiren aurka.
Domekan, berriz, kadete mailako neskak Arantzazuko Ama taldea hartuko du etxean, 12:15ean.