Bizikleta erdigunean, ekintzaz beteriko egitaraua prestatu dute jasangarritasuna bultzatzeko

Maite Txintxurreta 2017ko mar. 21a, 17:12

Seigarrenez antolatuko dituzte Bizikleta jardunaldiak Bergaran, martxoaren 26tik apirilaren 9ra bitartean. Gorlako igoerarekin abiatuko dira jardunaldiok.

Udalak, Lokatza Ziklismo Eskolak, Palmerakuak elkarteak eta herriko ikastetxeek hartu dute parte aurtengo bizikleta jardunaldien antolaketan.

Elena Lete alkateak azaldu duenez, "herritar aktiboen kopurua handitzea" du helburu Udalak, eta asmo horren baitan kokatzen da ekimen hau. "Mugikortasun jasangarria nahi badugu, garraio ohiturak erabat aldatzea ezinbestekoa da". Horretarako, ibilgailu pribatuen erabilera gutxitzea gura dute, eta horren partez bizikleta bezalako garraio jasangarrien erabilera bultzatu gura dute.

Egitaraua

43. Gorlako igoerak emango die hasiera Bizikleta Jardunaldiei. Martxoaren 26an izango da, domeka honetan, eta txirrindulariak 10:00etan abiatuko dira San Martin plazatik.

Bada, proba horretan, txirrindulariak bi bider igaroko dira Gorlatik. Hala, bi igoera horien artean, Markel Uriarte aretxabaletarrak ikuskizun berezi bat eskainiko du, Gorlako maldak gurpil batean gainean igota.

Hurrengo ekitaldia, Ainhoa Perez de Nanclaresek eta Koldo Zubizarretak bizikletaz egindako bidaiaren diaporama emanaldia izango da. Martxoaren 28an eta 30ean saio bana izango dira, bata San Martin Herri Eskolakoendako eta Ipintza institutukoendako, eta bestea Aranzadi ikastolako eta Mariaren Lagundiakoendako.

Apirilaren 1ean, berriz, areto txirrindularitza edo spinningeko master classa izango da Agorrosinen (17:30). Kirolgunean bertan eman daiteke izena, 3 euro ordainduta.

Apirilaren 2an, berriz, Palmerakuak elkartekoekin BTT irteera izango da, 10:00etan abiatuta, eta Agorrosinetik Urkulura eta buelta egingo dute, mendiz.

Bukatzeko, apirilaren 5ean, eskolara bizikletaz joateko eguna izango da ikastetxeetan, eta bizikleta jolasak egingo dituzte, baita marrazki erakusketa ere. Horrez gain, Markel Uriartek erakustaldia eskainiko die neska-mutikoei. Erakustaldi horretaz gain, bizikleta gaineko segurtasunaz arituko da Uriarte gazteekin. Segurtasunarekin lotuta, gainera, ekimenaren antolatzaileek "bizikletan ibiltzeko hain beharrezkoak diren kaskoak" ere oparituko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak