Apirilaren 2an bukatuko dute kromo bilduma Bergaran

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 14a, 08:45
Kromo bilduma bukatu duten hiru lagunak zuzendaritzako kideekin.

Abenduan jarri zuen abian bilduma Bergara Kirol Elkarteak eta azken fasean sartu da. Egubakoitzean hasita promozio berezia egingo dute: bi pakete baten prezioan.

Apirilaren 2a arte izango dituzte kromoak kioskoetan eta gero salmenta puntuetatik kendu egingo dituztela iragarri dute kirol elkarteko kideek: "Ahalik eta jende gehienak bilduma amaitu dezan, egun hori pasata, hamar kromo baino gutxiago falta zaienek kromo horiek erosteko aukera izango dute zuzendaritzako kideekin harremanetan jarriz, oroigarri bezala gordetzeko". Hiru lagunek dagoeneko bukatu dute; Brigido Gonzalez, Javi Martin eta Txomin Santamaria izan dira bilduma bukatu dutenak (argazkian Garbiñe Elorza eta Oskar Navarro zuzendaritzako kideekin).

Bergara Kirol Elkarteko jokalarien kromoak Tximeleta, Goxoak eta Sorgintxo gozoki dendetan, Bule, Depor eta Arkupe tabernetan, Osintxuko dendan eta Agorrosingo futbol zelaiko kantinan egongo dira salgai azken egunera arte.

Zuzendaritzako kideak "pozik"

Iñigo Zaitegi lehendakaria eta Iosu Elorza zuzendaritzako kidea pozik agertu dira bildumarekin: "Kromo bildumak zuzendaritzako aurreikuspenak gainditu ditu. Aurkezpen egunean argi utzi genuen helburu nagusia jokalarien ilusioa piztu eta kaleko giroa suspertzea zela. Talde handi baten parte izan eta kalean mahonero izatearen nortasuna sustatzea, mahonero eguna festa edota taldeen aurkezpen ekitaldiekin egin dugun bezala, besteak beste. Helburua beteta, balorazioa oso positiboa izan da. Lehen asteak zoramen bat izan ziren guztiontzat eta azken egunera arte adin guztietako jende pila aritu da kromoak erosten eta elkartrukean, datorren denboraldira begira, beste aukera batzuk aztertzen hasiak gara jada".

Zapatuan Agorrosinera joateko deia

Preferente Mailako taldeak Agorrosinen jokatuko du datorren zapatuan, martxoak 18, 16:30ean, eta zaleei partidura gerturatzeko dei egin gura die: "Bigarren dagoen Urola hartuko dugu etxean eta guztion animoekin lortuko dugu igoera lortzeko partida garrantzitsu hau irabaztea".

Era berean, eskerrak eman dizkiete joan den zapatuan Alegira joandako zaleei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak