Martxoaren 26an izango da Gorlako igoera, Peugeot Etormobil saria

Eneko Azurmendi 2017ko mar. 4a, 20:21

Aurtengo denboraldiko taldeak aurkezteaz gain, antolatu dituzten lasterketen gaineko informazioa ere eman dute Lokatzako kideek. Gorlako igoerari dagokionez, 125 kilometro izango ditu aurtengo lasterketak eta, horrez gain, Gorlako lehen igoerak aipamen berezia edukiko du, Malatu saria.

Lokatzak antolatuko duen hurrengo lasterketa Apirilaren 1ean izango da, eskola umeei bideratuta, Antzuolan. Lasterketa hau antolatuko den lehen aldia izango da. Egun berean, arratsaldean, junior mailako Uzarragako igoera izango da.

Apirilaren 9an izango da hurrengo lasterketa, Labegaraietako saria. "Maiatzaren 1ean izaten da normalean, baina data aurreratu behar izan dugu, trafikoa dela eta", azaldu du Jon Unamunok, Lokatzako presidenteak.

Maiatzaren 1ean, eskola umeendako lasterketa izango da, hau ere Labegaraietan. "Industriagunean egingo denez, baimena ematen digute", dio Unamunok.

Maiatzean hilabeteko etena egin ondoren, ekainaren 4an Pentekoste saria izango da. Ondoren, San Antonio jaietan, ekainaren 10ean, kadete mailako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketa jokatuko da Bergaran, emakumezkoena zein gizonezkoena. "San Antonio auzoan hasi eta itzuli bat eman ostean, auzoan bertan amaituko da", adierazi du presidenteak. Ekainarekin bukatzeko, San Martzial egunean, hilaren 30ean, Emakumezkoen Lasterketa jokatuko da, krono-igoera formatuan. "Herrian hasi eta San Martzialerantz abiatuko dira txirrindulariak, Lamaino Etxeberri nekazal turismoan amaitzeko", zehaztu du Xabier Aranzeta Lokatzako kideak.

Antzuolan, jaitsiera

Uztailaren 8an jaitsiera bat antolatzeko eskaera egin diote antzuolar batzuek Lokatzari. "Bere egunean haiek hobeto azalduko dute zertan datzan zehazki lasterketa hau, baina hemendik iragarri nahi izan dugu dagoeneko", nabarmendu du Unamunok.

Aurten jaitsieretako saila ere edukiko du Lokatzak eta bertako txirrindulariak Euskadi zein estatu mailan lehiatzen dute, Unamunoren arabera. "Iaz Vigora joan ziren gure txirrindulari batzuk, Euskal Selekzioarekin. Antzuolarrak, elgetarrak eta bergararrak ditugu bertan eta modalitate honek geroz eta indar handiagoa dauka".

100 zikloturistatik gora

Zikloturismo saila ere badu Lokatzak eta Unamunoren esanetan, 100 lizentziatik gora atera dituzte aurtengo denboraldian.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak