Garoña ixtea eskatzeko mozioa onartu du, aho batez, udalbatzak

Julen Iriondo 2017ko ots. 28a, 18:27

Otsaileko osoko bilkuran hiru mozio eta adierazpen instituzional bat bozkatu zituzten. Mozioak izan ziren Garoñako zentralaren, Picassoren Gernika koadroaren eta erraustegiaren gainekoak, eta adierazpen instituzionala, berriz, Martxoaren 8a dela-eta. Erraustegiaren gainekoak izan ezik, beste denek egin zuten aurrera.

Garoñari buruzko mozioa Irabazik aurkeztu zuen, eta zentralaren itxiera eta energia nuklearra apurka-apurka alde batera uztea eskatzen zuen; zentzu horretan, Udalari ere eskatzen zion bere energia hornidurari dagokionez urratsak egitea. Aiert Lizarraldek Bartzelona jarri zuen eredu: han bezala, hornidura elektrikoa sortaka kontratatzea proposatzen zuen, energia berdea darabilten enpresa merkaturatzaile txikien alde eginez honela. Hor, dena den, aipatzen zuen alkateak Aldundiaren kontratazio mahaiaren bidez erosten dela gaur energia, eta hori zailtasun bat izan daitekeela, baina konpromisoa hartu zuen Udalak darabilen energiaren jatorria hobea izateko lan egiteko, eta Lizarralde pozik agertu zen. Aho batez onartu zen mozioa.

Bigarren mozioa, EH Bilduk aurkeztutakoa, izan zen Espainiako Gobernuari eskatzeko Picassoren Gernika koadroa Gernikara ekar dezatela, Gernikan egon dadin bere etxea, nolabait. EAJ ere alde agertu zen, eta Irabazi abstenitu egin zen, arrazoituz ez dutela garbi, malagarrek ere eskatu ahalko luketelako hara eramatea artista bertakoa zelako, edo Alderdi Komunistak bere egoitzara, bertako kidea izatearren Picasso.

Hirugarren mozioa izan zen erraustegiari buruzkoa, hau ere EH Bilduk aurkeztutakoa. GuraSOS elkarteak egindako txostena oinarri hartuta, EH Bilduk nahi izan zuen Udalak Diputazioari zenbait galderaren erantzuna eskatzea. Adibidez, zenbat igo den edo igoko den Aldundiaren zorpetze maila erraustegia dela-eta GHKk esleitu behar duen zor berriaren ondorioz. Gobernua mozioaren kontra agertu zen, argudiatuz udalbatzako alderdiak Batzar Nagusietan ere badaudela ordezkatuta, eta hura dela galdera horiek egiteko lekua.

Eta Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta ere adierazpen instituzionala onartu zuen udalbatzak, hau Irabaziren abstentzioarekin. Ezkerreko koalizioaren jarrera ez zen izan adierazpenak esaten zuen ezeren kontra zihoazelako, azaldu zutenez, baizik eta Gobernuak ez ei zituelako aintzat hartu euren ekarpenak, eta horretarako moduarengatik. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak