Alizia herrialde miresgarrian ipuin ezaguna izango du oinarri Bergarako Musika Eskolan prestatzen diharduten musikal berriak, Valen Moñux eszena zuzendariak azaldu duenez. Dena den, istorio originalari moldaketak egin dizkiote; horixe da oraingoz ikuskizunari buruz aurreratu ahal izan duten informazioa.
Esan bezala, audizioetan musika eskolako 25 gaztetxo aurkeztu dira, eta hiru proba egin behar izan dituzte: musikaleko baladetako bat abestu, testuaren zati bat antzeztu, eta epaimahaikideek jarritako musikaz norberak asmatutako dantza egin. Moñuxek azpimarratu du "lan zaila" izan dutela gazteek, baina, hala ere, "oso ondo" egin dutela.
Audizio edo casting horretako epaimahaia musikalean ardura teknikoak dituzten sei pertsonek osatu dute. Honakoak izan dira: Marije Ugalde kantu irakaslea eta abesbatza zuzendaria (Bergarako Musika Eskolako zuzendaria), Nagore Sanz abesbatzako zuzendaria, Eneko Galdos dantza irakaslea, Jose Migel Laskurain orkestra zuzendaria, Valen Moñux eszena zuzendaria eta gidoiaren eta abestien egokitzapenean parte hartu duen Oihan Vega.
Ikuskizun jendetsua
Azaroan estreinatuko duten Alizia musikala jendetsua izango da oso. Izan ere, 50 haur arituko dira agertokian, eta, horiez gain, helduak ere izango dira, hamabostetik gora.
Honakoa ez da Bergarako Musika Eskolaren lehen musikala, aurrez ere hainbat lan taularatu dituzte-eta. Esaterako, Peter-Pan, Olentzero&Co, Oliver... Gainera, Bilboko Euskalduna jauregia bezalako areto garrantzitsuetaraino iritsi dira eskolakoak euren emanaldi horiekin.
Valen Moñuxek dio ahaleginduko direla oraingo honetan ere maila altua mantentzen, hori "zaila" izango den arren. Hala ere, horretarako buru-belarri lanean dabiltza dagoeneko.