Batzuentzat, tenis pista. Beste batzuentzat, suhiltzaileen egoitza. Dantzaleku ere bai, edota Supermanen topaleku. Funtzio asko izan ditu gaur eguerdi aldera Domingo Irala kaleak, eta horren adibide, bertan bildu diren mozorrotutako herritarrak. Funtzio asko, eta helburu bat: ondo pasatzea. Eta horretan berebiziko laguntza eskaini dute Donostialdeko Zo-Zongo batukadakoek.
Bazkalorduan, hainbat familia eta kuadrilla elkartu dira Aranzadiko gimnasioan egindako bazkari herrikoian, eta han ere ez dira falta izan perkusio erritmo biziak, behin sabela ondo beteta, bergararrak berriz ere dantzan jarri dituztenak.