goiena.eus

Labegaraietako oinarrizko proiektua aurkeztu dute

 Bergara GAURKOAK

Labegaraieta auzoan hainbat berrikuntza ezarri gura ditu Udalak, proiektu handi batekin. Atzo auzotarrekin bilera egin zuten proiektu horren lehen zirriborroa aurkezteko. Proposatutako aldaketen artean, esaterako, biltegi zaharra eraistea eta eraikin berri bat eraikitzea, kiroldegiari itsatsita.

Joan den urteko udan hasi zuen udalka Labegaraietako bizilagunekin eta bertako kirolguneko eta aisialdi guneko erabiltzaileekin parte hartze prozesua, eta atzokoan prozesu horretako azken bilera egin zuten. Bertan, etorkizuneko Labegaraieta irudikatuko lukeen oinarrizko proiektua aurkeztu zuten, 3 milioi 200 euroko aurrekontua izango lukeena. Orain Gipuzkoako Diputazioak atera duen diru-laguntza deialdi batera aurkeztu nahi dute hasierako proiektu hori.

Sestra enpresakoek egindako proiektuan proposatzen zuten kiroldegi ondoko biltegi zaharra berriztea eta kiroldegiko eraikinarekin komunikatzea. Bada, Udalak egindako moldaketetan hobetsi dute biltegia eraistea eta kiroldegiari itsatsitako eraikin berri bat egitea, bertan aldagela berriak eta aisialdi zein bilera guneak egokituaz, besteak beste.

Kirol instalazioetan aldaketak

Kiroldegi barruan ere moldaketak jasotzen ditu proiektuak. Esaterako, rokodromoaren gunea handitzea, ipar fondoko harmailei lekua irabazita, eta bertan gimnasio bat ere txertatzea. Ikusleendako berogailu sistema bat ere jasotzen dute.Bileran eskubaloi elkarteko presidenteak aipatu zuen harmailak ezartzeko tokirik egokiena, ikusleei begira, kantxaren albo batean izango litzatekeela. Bada, Igor Oiarbide kirol zinegotziak azaldu du aurkeztutakoa oinarrizko proiektua dela, eta, hortaz, artean ez dagoela itxita. Zehaztapenak eta aldaketak txertatu daitezke, beraz.

Kanpoko instalazioetan ere izango dira aldaketak. Esaterako, tenis pista alboko kantxa estali egingo dute, eta skate parke berri bat egingo dute.

Horrez gain, erreka alboan entrenamendurako gunea umeendako jolas gunea proiektatu dute, baita piknik gune bat ere.

Auzoari dagozkionak

Kiroldegian bakarrik ez, auzo guztian egingo dituzte moldaketak, lehen proiektu honek jasotzen duenez. Hala, esaterako, bidegorria eta etxebizitzak banatzen dituen horma eraitsiko dute, eta auzoa inguratuko duen paseorako ibilbide berri bat eraiki.

Bestalde, lurrazpiko aparkamendu gaineko berdegunean ortu komunitarioak jartzeko proposamena ere jaso dute dokumentuan, zenbait bizilagunek proposatu moduan.

Auzo barruko trafikoa murrizte aldera neurriak hartzea ere aurreikusi dute. Hala, ibilgailuen trafiko nagusia etxebizitza gunearen kanpoaldean dagoen errepideak jasango luke, eta barruko errepideak soilik zamalanetarako eta atarietara sarbide moduan erabiltzeko erabiliko litzateke, horretarako beharrezko trafiko moldaketak eta erregulazioak eginez.

Diputazioaren diru-laguntza deialdia

Diputazioaren diru-laguntza deialdia duela hilabete baino gutxiago kaleratu zen, eta hurrengo egubakoitzera arteko epea daukate lehen proiektu hori zehaztu eta aurkezteko.

Udaletik nabarmendu zuten proiektua garestia dela, eta horren garapenean etapa desberdinak zehazteko eskatu diote Sestrari. Hala, oraindik ez daukate esaterik noizko aurreikusten duten bukatuta egotea.

Aurtengo aurrekontuetan Labegaraietako proiekturako 85.000 euroko partida bat txertatu dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa