Sortzaileendako urteroko plaza, Koldo Eleizalde

Julen Iriondo 2017ko ots. 17a, 10:02

Zabalik dago lanak aurkezteko epea; lehiaketan parte hartu ahal izateko adin mugarik ez dago. Lau dira alorrak: ipuina, komikia, bertsoa eta interpretazioa. Garrantzi berezia ematen diete ahozkoei: "Hizkuntzarentzat are inportanteagoa da".

Aurtengoa 32. edizioa du Koldo Eleizalde lehiaketak: "Sorkuntza bultzatzeko asmoz, sorkuntzari plaza bat eskaintzeko asmoz, herritarrei sortzaile izateko gonbidapen bat eginaz antolatzen dugu; azken batean, hizkuntza batentzat oso-oso garrantzitsua da sorkuntza bultzatzea eta herritarrak sortzaile izatea", dio Udaleko Euskara Zerbitzuko buru Estepan Plazaolak –Euskara batzordeak antolatzen du–.

Eta diziplina askotan bultzatzen dute sorkuntza; izan ere, idatzizko zein ahozko generoetako lanak aurkez daitezke: idatzizkoen artean daude ipuina eta komikia; eta ahozkoetan, bertsoa eta kontaketa edo interpretazioa –azken horretan aurkez daitezke antzerki lanak, kontatutako ipuinak, umorezko pasadizoak, txiste saioak... Parte-hartzearen arabera, erabaki dezakete genero horiek bereizita baloratzea–. Batean edo bestean hasteko, "lehenengo urrats modura", Koldo Eleizaldek bere funtzioa betetzen duela dio Plazaolak.

"Hasteko" dio, parte-hartzaile gehienak ikasleak izaten direlako; dena den, adin denetara zabaldutako lehiaketa da –eta ez, gainera, herrian jaio edo bizi direnentzat bakarrik, baita bertan lan egiten edo ikasten dutenentzat–. Eta "hasteko", ze izaten dira gero sorkuntzarekin harremanetan jarraitu eta lan txukun gehiago plazaratzen dituztenak ere: "Koldo Eleizalden parte hartu duten askok, nazio mailako lehiaketetan ere parte hartu izan dute eta sariak lortu izan dituzte". Elene Etxaniz edo Uxue Agirre aipatzen ditu, adibidez, Euskara Zerbitzuko buruak.

80tik gora urterekin

Baina, esan bezala, adin mugarik ez dago lehiaketan parte hartu ahal izateko, generoa edozein dela ere: "Ipuin idatzian, adibidez, bost kategoria ditugu, hasi txikienetatik eta nagusienetara; azkenaldian ez, baina, bere garaian, 80tik gora urterekin Natalio Juaristik, adibidez, parte hartzen zuen".

Ipuin idatziekin bakarrik hasi zen lehiaketak genero aniztasunean asko irabazi du urteekin. Aurtengo nobedadea da bertsoen alorreko lanak paperean zein grabatuta aurkeztu ahal izango direla. Hain justu, ikusi eta entzuteko moduko euskarriei atea ireki izana da azkenaldiko apustuetako bat: "Bereziki ahozkoan sortzaile izateari, ahozkoa lantzeari eta ahozkotasuna aberasteari garrantzi berezia eman nahi diogulako; joan gara, adibidez, bertsoen lanketa eskoletan sartzen, ipuin kontaketa... Azkenean, hizkuntzarentzat idatzizkoa inportantea da, baina ahozkoa are inportanteagoa; orduan, hori bultzatu nahi dugu".

Apirilaren 5era arte aurkez daitezke lanak –egile bakoitzak nahi beste, genero bakoitzean–. Argibide gehiago Udalaren webgunean dago eskura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak