Diru laguntzen gaiarekin hasi zuten udaleko kirol saileko arduradunek herriko kirol elkarteetako kideekin atzo Agorrosinen egin zuten bilera. Iñaki Ugarteburu teknikariak aipatu zien 90.000 euro banatu dituela aurten udalak, iaz beste. Eta banaketan bi irizpide gehiago hartuko dituztela kontuan: "Taldean zein antolatzen diren ekintzetan berdintasuna egotea kontuan hartuko da; laguntzaren %5a hartuko luke horrek, gutxi gora-behera. Ingurumen baloreak ere neurtuko dira". Igor Oiarbide zinegotziak gaineratu zuen aurtengo deialdia martxoan egitea dela asmoa. Eskaria egiterakoan aurkeztu beharreko paperak eta epeak errespetatzea ere eskatu zien Ugarteburuk elkarteetako kideei. Igeriketako, atletismoko, txirrindularitzako, saskibaloiko, hockeyko eta piraguismoko ordezkariak zeuden, besteak beste, atzoko bileran.
Kiroleko plan estrategikoarekin ere hasita daude eta datozen asteetan elkarteekin bilerak egingo dituztela esan zuen Ugarteburuk. Bestalde, kirol egutegia zehazten ari dira udaleko eta elkarteetako ordezkariek eta kirola kalera ateratzeko ekintzak antolatzeko gonbidapena jaso zuten elkarteetako kideek.