goiena.eus

Lehengoek segitzen dute, berriak badatoz

  Ekonomia  Bergara

Etzi egingo dute berriro Domeka Azoka, berrerabiltzea, trukea eta artisautza bultzatzea helburu dituena. 2014an hasi ziren egitasmoarekin, eta indarrean jarraitzen du, ohiko bilakatu diren postuekin, eta gehitu zaizkien berriekin.

Oraingoan ere makinatxo bat izango dira San Martin plazan jarriko dituzten postuak; makinatxo bat, askotarikoekin –11:00etatik 14:30era–. Hiru urte egingo ditu ekainean Azoka Bergaratzen dinamikaren barruan sortutako egitasmoak, eta erosleen artean jarraitzaileak dituen bezala, postuen bestaldekoen artean ere badu harrera hona. Bi adibide dira Sandra Morillas eta Jone Santamaria, biak herrikoak, lehena ia edizio denetan izan dena, oraingoan aurrenekoz egongo dena bigarrena.

Lehenengoan ez, beste denetan

Sandra Morillasek kasualitatez egin zuen topo azokarekin aurreneko aldiz egin zenean, ez zuen haren berririk. "Oso ideia ona" iruditu, eta ordutik ez du hutsik egin, postua jartzen dutenen artean: "Bi ume dauzkat, eta arropa bota egiten nuen, edo gorde. Baina ume gehiago ez badut izan behar, gorde zertarako? Beraz, postua jartzea erabaki nuen. Euro batera jartzen dut dena, eta etortzen zait jendea, agian, diru asko ez duena, eta eurei ere lagundu egiten diet".

Eta arrazoi gehiago: "Birziklatu egin behar delako ere egiten dut; eta baita nire umeei erakusteko gauzak ezin direla hain erraz bota, berrerabili egin behar direla. 4 urteko umea nirekin etortzen da azokara, oso gustura egoten da, lagundu egiten dit, eta ondo pasatzen dugu". Eta berari ere ondo datorkio lortzen duen dirua: "Euroka, ehunetik gora ateratzen ditut aldiko. Bi edo hiru bezero finko ditut, zuzenean nigana etortzen direnak".

Aurreneko aldiz

Lehendik ere buruan zerabilen Jone Santamariak Domeka Azokan parte-hartzea, eta oraintxe erabaki du urratsa egitea: "Beti erakarri izan naute bigarren eskuko azokek-eta. Eta Bergaran lehen aldiz egin zenetik, aspalditik eduki dut buruan parte hartzea, eta oraintxe izan da momentua, denbora izan dudalako etxean garbiketa egiteko eta erabiltzen ez ditudan arropa denak biltzeko".

Arropa gutxi erosi arren, beti "lau gauza berak" erabili eta gainerakoak bazterrean geratzen direla dio: "Beste pertsona batek hartzen du eta eman diezaioke beste erabilera bat, sinpleki berarentzat berria delako". Bigarren eskuko filosofiarekin erabat egiten du bat Santamariak.

Trukerako aukera baztertu gabe, oso prezio txikietan jarriko ditu etxetik eramandakoak 28 urteko gazteak: "Euro baten, bitan... Diruagatik ez duzu egiten; kontua da hara joatea, jendearekin egotea, giroa...". Printzipioengatik bai: "Erosi-bota-erosi horrek kezkatzen nau. Eta arropekin badira beste bide batzuk, edukiontzi zuriarekin-eta, baina bigarren eskuko azokek ez dute hemen beste leku batzuetan adinako indarrik, eta bultzatzeari ondo deritzot".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa