Edizio berezi batendako bukaera borobila Jardunen Amodiozko Gutunen lehiaketan

Maite Txintxurreta 2017ko ots. 15a, 10:43

Atzo iluntzean egin zuten 25. Amodiozko gutunen lehiaketaren sariketa ekitaldia Irizar jauregian. Irabazleek euren lanak errezitatu zituzten jendaurrean, giro goxoan.

Berezia izan da Jardun Euskara Elkarteak antolatzen duen Amodiozko gutunen lehiaketa aurten; izan ere, ekimenak 25 urte bete ditu, eta urteotan gero eta sonatuago bilakatzen joan da, parte hartze handia lortuaz eta gerora sortu diren antzeko beste ekimen batzuentzat eredu bilakatuta.

82 gutun jaso dituzte aurten, eta, horrez gain, 41 amodiozko esaldi ere bai, aurten lehenengoz antolatu duten Amodiozko esaldien lehiaketarako.

Sari banaketa ekitaldia

Atzo iluntzeko hitzorduan ezin izan zen egon Amodiozko esaldiaren irabazlea, Maria Lopez Ibarrarra, atzerrian baitago. Laztan xuxurla; gure lotura; maitale, adiskide: elkarrekin libre! izan da berak lehiaketara aurkeztutako esaldia. 100 euro jaso ditu Lopezek.

Bada, atzoko sariketan Izar Odriozola bergararra izan zen eskutitza errezitatzen lehena. Odriozolak gazte saria irabazi du, zendu zen Amamari zuzendutako gutunari esker. Autorea lehenengoz aurkeztu da aurten lehiaketara, eta pozik azaldu da bere lanak izandako erantzunekin, bereziki familian: "familiako kideak emozionatu egin dira, eta hori da niretzat sari handiena". 150 euro jaso ditu Odriozolak sari modura.

Bergarako gutunik onenaren saria, berriz, Elena Lakarentzat izan da aurten. "Lehiaketaren urteurrenari keinu bat egin nahi izan diot, eta lehen edizioko irabazleaz maiteminduta dagoen 25 urteko gazte baten azaletik idatzi dut", azaldu du Lakak. Bada, bere gutuna erreferentziaz beteta dago, eta bertan islatzen da gizartea eta lehiaketa bera nola aldatu den azken 25 urteotan.

Bigarren sariari dagokionean, bi irabazle izan dira: Iñigo Legorburu hernaniarra eta Lasarte-Oriako Ane Labaka, eta bakoitzak 150 euro jaso ditu. Lehenak prosan aurkeztu bazuen ere bere lana, atzokoan bertso eran abestu zuen, eta Labakak ere bertso moduan aurkeztu zuen gutuna. Legorbururen gutuna gizonezko amoranteak Txirritari idatzitakoa da, bertsolariaren garaiko gipuzkeran idatzia ere. Eskutitzaren bidez, Txirritaz dugun irudia zalantzan jarri gura izan du autoreak: "emakume-zale moduan ikusten dugu Txirrita, baina gutunean pertsonaia eta pertsona desberdindu gura izan ditut".

Labakarena, aldiz, "gau bateko" amodioari idatzitako gutuna da, emakume batek beste bati idatzia. Labakak azaldu du sarri idatzi izan dituela maitasunarekin lotutako bertsoak, baina orain "arautik at" dagoen maitasunari idazten diharduela.

Bukatzeko, aurtengo lehenengo sariaren irabazleak, Eider Perezek, 500 euroko saria jaso zuen Bi arrain lanarengatik. Bera kostaldekoa izanik, herri arrantzale batean kokatu du istorioa, agur-gutun bat bezala jasoa. Perezek azaldu du lehiaketara aurkeztu den bigarren aldia dela aurtengoa, eta nabarmendu du halako ekimenak bultzatu egin behar direla.

Errezitaldi bakoitza Bergarako Musika Eskolako soka taldearen musikaz lagundu zuten, eta horrek giro polita sortu zuen aretoan. Bada, ikuslegoak txaloz erantzun zioten irakurraldi bakoitzari.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak