Zatika erretiratu dituzte Bolua auzoan jausitako bi zuhaitzak

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko ots. 12a, 20:40

Arratsaldeko lehen orduan hasi dituzte garbiketa lanak. Enborrak teilatu gainera erortzeko arriskuagatik zatika erretiratzea erabaki dute.

Bergarako Bolua auzoan, urtarrilaren 16ko luizia gertatu zen tokitik gertu, bi akazia erori dira gaur goizean. Ez dute kalte nabarmenik sortu, bai ordea sustoa inguruko bizilagunen artean. Eroritako zuhaitzak Bolua auzoko 47. atariko teilatutik gertu gelditu dira, eta teila batzuk eta kanaloi bat apurtu dituzte. Goiko trenbide zaharrean trabeska gelditu dira bi zuhaitzak eta barandak gelditu du, neurri batean, kolpea.

Berehala bertaratu dira udaltzainak eta aktibatuta gelditu da antzerako kasuetarako protokoloa. Garbiketa lanak arratsaldeko lehenengo orduan hasi dituzte. Ordu horretan iritsi dira udal brigadako langileak. Bertan zen, baita ere, Bergarako zinegotzi Lander Arregi.

Enborrak zeuden lekutik kentzeko erabakia hartu dute eta zuhaitzak teilatu gainera erortzeko arriskua ikusita zatika erretiratzeko erabakia hartu dute udal langileek. Pare bat orduko lana izan da. Motozerrarekin moztu dituzte enborrak zatika eta apurka apurka erretiratu dituzte.

Libre da berriz ere pasabidea nahiz eta luizia dela-eta leku hori itxita dagoen oinezkoendako. Dena den, inguruko gainerako zuhaitzen egoera aztertu beharko dutela ondorioztatu dute udal arduradunek.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak