Bergarako Zabalotegi beteta 'Basker' ikusteko

  Kultura  Bergara GAURKOAK

Bergarako Zabalotegi aretoa bete egin da bart 60ko hamarkadan Suediako telebistak Euskal Herriari buruz egindako bi dokumentalak eta horien gaineko ikerketa lanaren gaineko azalpenak ezagutzeko. Protagonismo berezia du Bergarak dokumentaletan, hiru pasartetan agertzen baita.

Argibel Euba antropologo galdakoztarrak berreskuratu ditu Euskal Herrirako 1963an Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan egindako grabaketekin Suediako telebistak ekoiztutako dokumentalak: Basker, Euskaldunak, izenekoa bata eta Nekazaria euskaldunen herrian izango litzatekeena bigarrena. Ez haiek berreskuratu bakarrik, lan haien, egileen eta dokumentaletan agertzen denaren eta direnen gaineko ikerketa ere egin du Eubak, eta DVDan eta liburuan jaso, EHUren Mikel Laboa Katedrari esker. Izan ere, balio handiko lanak direla dio.

Eta Bergarak badu protagonismoa dokumentaletan. Hiru pasarte agertzen dira: pilota partidu bat Udal Pilotaleku zaharrean; bertso saio bat Umore-Ona elkartean Jesus Alberdi Egileor-ekin eta Jose Mari Gabilondo antzuolarrarekin; eta Garitano-Irazabal familiaren bizimodua Itxasmendi baserrian.

Atzo egindako aurkezpenean bete egin zen Zabalotegi, banaka batzuk kanpoan ere geratu ziren, eta ikusleen artean zen Itxasmendi baserriko Rosario Garitano. Ikusitakoarekin gustura zen amaieran.

Argibel Euba ere benetan zegoen gustura herritarrek atzoko saioari emandako erantzunarekin. Dokumentalak eta ikerketa lanaren liburua edozein liburu dendatan eska daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa