Bigarren pisuko bizilagunek aipatu dute haien etxeetan ez dagoela kalte nabarmenik. Aldiz, kaltetuenak lehenengo pisukoak dira. Dena den, lehenengo pisuko etxebizitza horien artean, bazen bat joan den astean artean ur asko zeukana barruan. Orain, baina, lokatza bakarrik gelditzen da, suhiltzaileek ura atera baitute.
Hala, lehen pisuko bizilagun bat ezin izan da etxean sartu; izan ere, barrutik horren kaltetuta ez dagoen arren, kanpoaldean ur dezente dauka pilatuta, eta atea ireki ezkero ura eta lokatza sartuko litzateke.
Peritua gaur etxe guztietan sartzekoa zen arren, komunikazio arazo baten ondorioz ezin izan du, goizegi azaldu direlako bera zein bizilagunak eta oraindik ingurua ez zegoen prestatuta.
Atariaren egoera
Atariari dagokionean, maldako aldean, eskaileran, maldaren aldeko paretan dagoen zulo handia da nabarmentzekoa. Luizia gertatzean, pareta apurtu zen, eta bertatik sartu ziren ura, lokatza, harriak eta enborrak.
Horrez gain, lokatza dezente dago eskaileretan pilatuta, eta langileak hori erretiratzen dihardute. Bestalde, eskaileren barandak ere haien tokitik aterata edo apurtuta zeuden, eta horiek atera egin behar izan dituzte.
Diru-laguntza udaletik
Bestalde, 2017ko udal aurrekontuan –urtarrilaren 30ean onartu zituzten osoko bilkuran– oposizioaren proposamenetarako aurreikusita zeuden 80.000 euroak Boluko beharretara bideratzea erabaki dute alderdi politikoek, adostasunez.