Urtarrilaren 16an Boluan gertatutako luiziaren ondorioz azken asteetan aktibatuta egon den larrialdi egoera bihar, martitzena, bukatutzat emango dute, azken txosten teknikoaren emaitzei jarraiki.
Izan ere, ezbeharra gertatu ostean lehen txosten bat egin zuten, eta hasierako irakurketa horren aurrean zenbait neurri hartu zituzten. Hala, asteotan luiziaren ingurua garbitzen aritu dira, eta egubakoitzean bukatu zituzten lan horiek. Aurrerantzean gerta daitezkeen lur erorketak saihestu eta ura blokeatzeko, panel berezi batzuk ere jarri dituzte.
Horrez gain, uneoroko jarraipena egiteko protokolo bat martxan dutela ere argitu dute, beharra izan ezkero erantzuna momentuan emateko.
Bi familia etxera
Bihar bertan, orain arte etxera itzuli ezinik egon diren zazpi familietako bi euren etxeetara bueltatu ahal izango dira. 57. atariko bigarren pisukoak eta 61. atarikoak dira familia horiek.
Bestalde, 59garren atariko eskailerak oso kaltetuta zeudela pentsatzen zuten arren, egunotan sartu dira bertan eta ikusi ahal izan dute kalteak ez direla horren handiak. Hala, aste honetan hasiko dira atari barruko garbiketa eta konponketa lanekin. Hala, Udaletik aurreikusi dute bihar peritua sartu ahal izango dela, joan den astean ez bezala.
Azterketa geologikoa maldan
Hemendik aurrera, azterketa geologiko bat abiatuko dute maldaren segurtasunari nola eutsi dakioken ikusteko. Horretarako hilabete inguru beharko dutela aurreikusi dute.
Trenbidea itxita
Bestalde, gogorarazi dute goiko trenbidea itxita egongo dela Bolu inguruan, luiziak kaltetutako gunean hain zuzen, segurtasuna mantentze aldera. Momentuz ez dakite noiz zabaldu ahal izango duten.