Mugikortasuna oinarri, Eusko Jaurlaritza gizarte aktiboago bat lortzeko asmoz eragileen arteko sinergiak sortzea helburu duen Mugiment plana bultzatzen ari da. Bada, horren barruan Mugibili proiektua dago, eta Bergarako Udaleko kirol zerbitzua proiektu hori herrian zabaltzeko asmotan dabil.
Mugibili Euskal Herriko zazpi lurraldeetan antolatzen diren kirol jarduerak batzen dituen plataforma da. Hala, kirol elkarteek edo ekintzen antolatzaileek euren hitzordua sar dezakete bertan, eta erabiltzaileek horien berri izango dute webgunearen bidez.
Hasiera batean, mendi ibilbideen inguruko plataforma modura sortu zen Mugibili ataria. Azkenaldian, baina, bere funtzioa hainbat kirol jardueratara zabaldu dute.
Bergarako kirol arduradun Iñaki Ugarteburuk dio zerbitzua "intuitiboa eta erabiltzeko erraza" dela, eta herritarrak animatu ditu berau probatera. Bada, zerbitzu hori erabiltzeko nahikoa izango da interneten mugibili.euskadi.eus webgunean sartzea.
Web zerbitzu honen erabilera sustatu eta berau egonkortzeko ahaleginean, Bergarako Udalak herriko kirol elkarteei eta eragileei zuzendutako aurkezpen bat egingo du otsailaren 15ean, iluntzeko zazpi t’erdietan. Hala, eragile horiek animatu nahi dituzte eurak antolatzen dituzten jarduerak Mugibilin iragartzera. Esaterako, Agorrosinen antolatzen dituzten ikastaro eta jarduerak honezkero bertan sartuta dituzte.
Mugibili sarean jarri zutenetik, 350 erakundek erabili dute haien jardueren berri emateko. Bada, urtebete pasata, orain arteko ibilbidea baloratu eta aurrera begirako asmoak azalduko dituzte informazio saioetan.