Biodibertsitatea aztertzen ari dira Bergarako eskoletako ikasleak, Agenda 21 programaren barnean

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko ots. 1a, 13:36

Bergarako bost ikastetxeetako 2.600 ikasle inguru dira herriko biodibertsitatearen egoera aztertzen ari direnak: San Martin Agirre Herri Eskola, Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia Ikastola, Ipintza institutua eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako Ikastetxea.

Hamaika urte pasa dira jada, Bergarako Udalak herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zutenetik. Gai ugari landu dituzte orain arte: ura, energia, hondakinak, kontsumo jasangarria, elikadura jasangarria… 2016-2017 ikasturtean gai berri bati heldu diote, biodibertsitatea.

Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: curriculuma, ikastetxearen kudeaketa eta parte-hartzea herrian. Egiten ari diren diagnostikoan, lehenik, ikastetxea aztertzen hasi dira. Eta hainbat ekintzen artean, galdetegiak betetzen ari dira: lantzen al da biodibertsitate gaia eskolako ikasgai ezberdinetan? Planteatzen dira gure ikasgaietan biodibertsitatea zaintzeak duen garrantzia? Ezagutzen al dugu herrian duguna?

Ikastetxeetan konturatu dira biodibertsitatearekin lotutako gaiak batez ere natur eta biologiako arloetan lantzen direla. Baina gehienetan, modu teorikoan lantzen dela konturatu dira eta jasangarritasun ikuspuntua ez dela kontuan hartzen.

Eskolako diagnostikoa amaitu ondoren, herriko txoko desberdinetara aterako dira ikasleak hainbat alderdi zuzenean ezagutzera. Herriko parkeak, berdeguneak, zuhaitzak, animaliak, basoa, ibaia… Bergaran dagoen aberastasunaz ohartzeaz gain, horren alde egiteko proposamenak egingo dituzte.

Diagnostiko guztiak amaitzean, eskolako ekintza plana diseinatu eta ikasturte amaieran burutzen den Udalbatza prestatzen hasiko dira. Orduan ezagutuko ditugu ateratako ondorio guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak