Bergarako gaztetxera sarritan gonbidatu dute Igor Arzuaga musikaria; bakarka jardun izan du, eta baita Luis Vilekin elkarlanean egin zuen Mara-Mara egitasmoa aurkezten ere. Artista emankorra da; horren erakusle gaur, egubakoitza, Kartzela Zaharrean 22:15etan parte hartuko duen ipuin musikatu emanaldia.
Mikel Ayllon Laudioko idazle gaztearekin sortutako egitasmoa da honako hori. "Bi artista interesgarriren fusiotik sortutakoa da. Lauzpabost emanaldi egiteko elkartu ziren, eta horietako bat da gaur gaztetxean eskainiko dutena. Berezia izango da, hirugarren lagun bat gonbidatu dute-eta agertokira: Emilia Aaltonen biolin-jolea. Musikarien doinuekin lagunduta, Eduardo Galeanoren, Jean Cocteuren, Joseba Sarrionandiaren eta beste hainbat idazle ezagunen testuen irakurketa egingo du idazleak", azaldu dute gaztetxekoek.