EH Bilduk aurrekontuen lanketa prozesuari kritika egin dio

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 27a, 09:30

Astelehenean, urtarrilak 30, ohiko osoko bilkura egingo dute eta bozkatuko dituzte 2017rako EAJren eta PSE-EEren Udal Gobernuak proposatutako aurrekontuak. EH Bilduk ohar bidez azaldu ditu bere ekarpenak eta Udal Gobernuak ez duela "ez beste alderdien, ez batzordeetan parte hartzen dutenen" iritzirik jaso diote.

Koaliziotik azpimarratu dute ez daudela pozik Udal Gobernuak aurrekontuak lantzeko aurrera eramandako prozesuarekin, "ez baitute ez beste alderdien, ez batzordeetan  parte hartzen duten herritarren iritzirik jaso".

"Bereziki aipatzekoa" iruditu zaie "auzoetako ordezkariekin izandako hutsunea. Auzo batzordean aurrekontu proposamenik aurkeztu eta beraien ekarpenik jaso gabe aurrekontuak onartzeko asmoa dute EAJ/PSEren boto bakarreko gehiengoa baliatuz. Beraiek markatutako datetara mugatzeak asko zaildu du akordioetara iristea".

EH Bilduk zalantzan jarri du gobernuak "akordioetara iristeko benetako interesa" duenik.

Koalizioaren proposamenak

Hala, EH Bilduk aurrekontuei hainbat ekarpen egin nahi izan dizkie, hamaika puntutan.
Lehenik, "Udala Arrizuriagaren jabe egin ondoren eta eraikinaren egoera eskasa ikusita", etorkizuneko proiektua idazteko partida bat beharrezkotzat dute.
Enpleguaren sustapenaren bueltan, laguntzak eskatu dituzte "lan harreman demokratikoak eta erabakigune horizontalak bermatzen dituzten lanpostuak sortzen dituzten enpresentzat".
Seminarioko aretoa nolakoa izango den erabakitzeko parte hartze prozesu baterako partida bat ere eskatu dute.

San Joxepeko magalean baratze urbanoak ezartzea ere proposatu dute, dagoeneko garatuta dagoen proiektua exekutatuz.

Umeendako jolasgune estali bat ere jasotzen du oharrak.

Beste partida bat, "Osintxun, gerora bere birgaipenerako erabiliko diren eremuak udalaren esku jartzeko".
Herriko urak kolektorera isurtzeko proiektua exekutatzen jarraitzeko partida handiagotzea ere proposatu dute, isuri puntu gehiago ekidite aldera. Horrekin lotuta, herriko urak sarean txertatu eta bertatik kudeatzeko moldaketak egitea eskatu dute.

Burujabetza energetikorantz bidea egiteko aukerak aztertzeko partida bat ere nahiko lukete.
"Herri lurrak berreskuratu eta basoetan landaketak egiteko partidari gehitzea, iazkoa mantenduz"; hori da beste puntu bat.

Bukatzeko, "herrian parte hartze prozesu zabal eta erabakigarri bat burutzeko" partida proposatu dute, "gobernuan dagoen alderdia dagoela" bete beharrekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak