Bergarako lur azpiko aparkalekuan mantentze lanak egin behar dituzte datorren eguaztenetik, otsailaren 1etik hasita. Hain justu ere, Bergarako Udalak jakinarazitakoaren arabera, eguaztenean eta eguenean, aparkalekuaren erdia itxita egongo da. "Hori eginda parking publikoan 32 aparkaleku erabilgarri geldituko dira, 20 plaza galduz. Otsailaren 4ean, aldiz, aparkalekua guztiz itxita egongo da, erdiko pasilloa margotu eta garbitzeko", zehaztu dute.
Mantentze lan orokorrak
Izan ere, orokorrean "euri uren hodi guztien garbiketa eta libratzea, pareten, ateen, seinaleen eta eskegita dauden hodien garbiketa, sabaien eta baranden margoketa, lurraren garbiketa eta lurreko seinalizazio horizontalaren pintaketa" egingo dituzte.
Hori guztia egiteko bizpahiru aste beharko dituztela kalkulatu dute, "eta otsailak 6 eta 12 bitarteko astean beste bi egunetan ere aparkalekua ixtea aurreikusten" dutela gaineratu dute. Data zehatzak jakin bezain laster horren berri emango dute.
29 plaza egokituko dituzte
Era berean, eta lanek iraun bitartean, Bergarako Udalak ondoan duen patioan, Seminarioko atarian, alegia, "gune bat ahalbidetuko du bertan aparkatu ahal izateko". Kopurutan, 29 plaza egokituko dituzte bertan.
Doakoa da Ibargarai kaleko lur azpiko aparkalekua. Bergararrez gainera, bertaratzen diren debagoiendar ugarik erabiltzeko ohitura dute, are gehiago udalerriaren erdialdean egonda.