Azken batailoiaren aurpegiak, Aroztegin

Julen Iriondo 2017ko urt. 27a, 10:44
Andres Egaña eta Ignazio Ernabide.

Mauro Saravia txiletarraren argazkiekin Intxorta 1937 Kultur Elkarteak dakarren erakusketak 36ko Gerrako 29 gudari eta milizianoren erretratuak jasotzen ditu. "Faxismoaren erresistente horiei omenaldia egitea" da mostraren helburuetako bat.

Gaurtik otsailaren 5era bitartean hartuko du Aroztegi aretoak Azken batailoia izeneko erakusketa, Mauro Saravia argazkilari txiletarraren eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearen arteko elkarlanetik sortutakoa. 2015eko Elgetako Erresistenteen Egunaren jiran gertatu zen Saraviak eta elkarteak, batera, proiektu hau aurrera eramatea pentsatzea.

Artistaren interesa, aurrekoa

Horren aurrekoa zen, hori bai, argazkilari txiletarraren interesa, Txilen bertan bizi zenekoa –gaur egun, Euskal Herrian bizi da–; birraitona, gerra tarteko, Nafarroatik hara erbesteratu izanak ere bazuen eraginik horretan: "Beti entzun izan nituen, ume-umetatik, istorioak; etxean, eta baita euskal diasporako nire lagunen partetik, edo Kataluniako jatorria dutenengandik".

Baina gertatutakoaren gainean eta haiek bizitakoen eskutik gura beste azalpen zehatzik lortu ezin –"kontinente berrian zerotik hasten zirelako, eta ez zutelako hitz egiten; hemen bizi izandakoak ahaztu eta bizimodu berria hasten zutelako"–, eta Saraviaren zalantzek eta jakin-minak hor zirauten: "Zer gertatu zen jakin nahi nuen, lehen eskutik".

Horrela hasi zen duela bi urte pasa egitasmo honekin, faxismoaren aurka jardundakoei argazkiak egiten eta haien gaineko informazioa jasotzen. Eta Intxorta 1937 Kultur Elkartekoekin harremana eginda, erakusketan ikus daiteke orain lan horren uzta.

Bizirik geratzen ziren 29 gudari eta milizianoren argazkiak eta haiei buruzko azalpenak dira –zirenenak, lanean hastetik hona bederatzi hil dira-eta; hildako horien gainekoak ere badatoz erakusketan, laburtuta–; Euskal Herriko lau herrialdetako gudari eta milizianoenak, askotariko joeratakoak, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Juan Ramon Garairen arabera: "Abertzaleak, komunistak, anarkistak, errepublikanoak eta sozialistak". Tartean dira bi bergarar ere, Ignazio Ernabide eta Andres Egaña, Loiola batailoian ibilitakoak.

Inaugurazioa, 19:00etan

Erakusketaren helburuei dagokienez, zera dio Juan Ramon Garaik: "Faxismoaren erresistente hauei omenaldia egiteaz gain, egia eta justizia aldarrikatzea. Kolpe militar faxista bat egon zen, euskaldunoi sufrimendu handia ekarri ziguna, eta zauriek itxi gabe jarraitzen dute oraindik".

Bergaran baino lehenago, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan, Ugaon eta Elgetan egon da erakusketa. Bergarakoa gaur inauguratuko dute, 19:00etan, erakusketako protagonisten ordezkaritza bergararrarekin eta Elena Lete alkatearekin, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak