San Pedrorekin batera Jesusen apostoluetan garrantzia handiena izan bazuen ere, gutxi dira Euskal Herrian eta Gipuzkoan San Paulori eskainitako eliza edo ermitak. Bergarako Uberan dago bakarrenetako bat eta gaur, San Paulo egunean, auzoko patroiaren eguna ospatu dute, urtero egiten duten moduan.
Meza egin dute lehenik, eta txorizoa janaz eta salda hartuz Elkartu dira ostean auzoko elkartean. Gaur hasi eta domekara bitartean egitarau ederra antolatu dute Uberan. Bihar San Paulo txiki ospatuko dute. Auzotarrek gogoratzen dute, duela urte asko egun handiak izaten zirela gaurkoa eta biharkoa. Gauzak nabarmen aldatu direla begi-bistakoa da.
Auzotar talde ederra batzen da San Pauloak antolatzeko Uberan eta egitarau ederra osatu dute aurtengoan ere. Horrelakorik ez da gertatuko berehalakoan Uberan eta egubakoitzetik domekara bitartean, asko dira antolatu dituztenak. Egubakoitzean, esaterako, 60 bat lagun batuko dira bertso afarirako. Iker Zubeldia eta Julio Soto arituko dira bertsotan. Zapatuan umeendako jolasak antolatu dituzte lehenik eta ondoren patata tortilla eta tarta lehiaketa egingo dira.
Auzoko jaio berriei ongi etorria ere egingo zaie ondoren, auzo bazkaria egingo da. Domekan meza egingo da eta Alai taldeak abestuko du ondoren. Moises Azpiazu dantza taldearen emanaldiarekin bukatuko dira jaiak.