Zortzi partaideek azterketa medikuak egingo dituzte programarekin hasi baino lehen. Behin hauek eginda, astean hiru entrenamendu saio programatu egingo dituzte BPXPORT-eko teknikariarekin. Bakarkako saioak izango dira, eta teknikariaren aholkuak jarraituz, zahartzaroak dakartzan patologiak arinduko dituzte indarra lantzeko ariketen bitartez. Lehen saioak otsailaren 6an hasiko dituzte, eta oraindik ez dute programaren iraupena zehaztu. "Programak sortzen dizkien onurak ikusita, eta bakoitzaren erritmoak baloratuz, zehaztuko dugu noiz bukatu den" adierazi du Igor Oyarbide Bergarako Udal Gobernuko kirol zinegotziak.
87 urterekin sasoi betean
Aukeratutako zortzi edadetuen artean, aipagarria da Maria Orellanaren kasua. 87 urte izan arren Kiroldegiko ohiko erabiltzailea da, eta programan parte hartzeko proposamena jasotzerakoan ez zuen zalantzarik izan baiezkoa emateko.
Agorrosingo ateak adinduentzat zabalik
Programa honen beste helburuetako bat Agorrosingo Kiroldegia Bergarako pertsona adinduei ere zuzenduta dagoela helaraztea da. "Gazteentzat eta helduentzat aukerak izateaz gain, pertsona adinduentzat onuragarriak diren ekintza asko ditugu hemen. Kiroldegira etortzeak onura asko sortuko dizkie, eta probatzera animatu nahi ditugu" azaldu du Oyarbidek.