Sevillatik propio etorritako teknikoek jaitsi dute Juan de Mesak egindako lana paretatik lurrera. 2,10 metroko altuera eta 150 bat kiloko pisua duen irudia izanik, asko kosta zaie eskultura paretatik kentzea. Hainbat saiakeren ostean, irudiaren neurriak ikusita, kaperako aldare-mahaia mugitzea erabaki dute. Horren ostean, aldamio baten eta eskailera biren laguntzarekin, Hilzoriko Kristoa lurrean ipini dute, bost lagunen artean.
Ostean, neurrira egindako kaxan sartu dute eta askotariko babesgarriak ipini dizkiote, Sevillarainoko bidea modu seguruan egiteko. "Esperientzia handia daukagu halako lanetan, eta, irudiak duen balioa aintzat hartuta, hartu beharreko neurri guztiak hartu ditugu, eskultura egoera onean iristeko", esan du lekualdaketa egiteko ardura duen enpresako buru Luis Garduñok.
Eraberritzea, Sevillan
Andaluziako Ondare Historikoaren Institutuak eraberrituko du Mesaren lana. Baina, Elizbarrutiko ordezkari Koldo Apeztegiaren irizpideak aintzat hartuta. Eraberritzeren iraupenak baldintzatuko du erakusketaren hasiera. "Hilabete baino gehiago beharko du eraberritze lanak. Horren ostean zabalduko dute erakusketa. Beste hilabetez egongo da ikusgai Sevillan, eta, ondoren ekarriko dute bueltan", esan du Jon Molina parrokoak.
Rojas, Mesa eta Martinez Montañes
Karmeldarren komentuko Sevillako eliza horretan dagoen Martinez Montañesen Santo Kristoaren laugarren mendeurrena betetzen da orain. Hala, Bergarakoarekin eta Granadako Seminario nagusian dagoen Pablo Rojasen beste lan batekin, hiru lanak erakutsiko dituzte hilabetez. Hiru belaunaldi ezberdinetako artisten lanak batera egongo dira. "Sevillan oso estimatuak dira hiru artistak. Esango nuke erantzun handia izango duela erakusketak. 70.000 bat pertsona hurbil daitezke lanak ikustera", esan du Luis Garduñok.