Zarata mapa, herriko bizi kalitatea hobetzeko lehen pausoa

Maite Txintxurreta 2017ko urt. 20a, 10:15

AAC enpresak egindako azterketaren arabera, Bergararren %60a inguru lasaiei dagozkien zarata mailen eraginpean bizi da. Mapa ofizialki aurkeztuta, Udalak ekintza plana diseinatzeari ekingo dio.

Zarata Mapa apiriletik urte bukaerara bitartean landu dute AAckoek, legediak jarritako parametroen eta metodologiaren arabera. Txosten horren arabera, bide trafikoa da bergararrengan eragin handiena duen zarata iturria. Ibargarai, Zurradero, Ibarra, Masterreka, Aranerreka edota Matxiategi kaleetako biztanleak dira zarata mailarik altuenak jasaten dituztenak.

Neurketa horietan bi faktore nagusi hartu zituzten kontuan; batetik, zarataren iturria (kaleko trafikoa, errepideetakoa eta industria), eta bestetik, eguneko momentua. Horiek dira: eguna (07:00-19:00), arratsaldea (19:00 -23:00) eta gaua (23:00-07:00). Bada, dezibelio aldetik mailarik baxuena izan ohi duen momentua, baina, era berean, herritarrengan eragin handiena duena; izan ere, eguneko sasoi horretarako legediak jartzen dituen exijentziak altuagoak dira.

Herritar gehien kaltetzen dituen zarata erdiguneko trafikoak eragindakoa izan arren, zarata mailarik altuenak eragiten dituena, dezibelio aldetik, errepideetakoa da, batez ere Gipuzkoa 627 eta AP1 errepideek sortutakoa. Elorregi eta Mekolalde auzoak, Ibarra eta Ozaeta kaleak, Ortuibar eta Boni Laskurain pasealekuak eta San Martzialerako bidean daudenak dira dezibelio mailarik altuenak jasaten dituzten etxebizitza guneak.

Industria da Bergaran herritar gutxien kaltetzen dituen zarata iturria. Izan ere, industriaguneek sortutako zaratek apenas eragiten dute kalterik herriguneko biztanleriarengan; bai, ordea, lantegietatik gertu kokatuta dauden baserrietakoei.

Hurrengo pausuak

Behin zarata mapa osatuta, ekintza plana diseinatzea gura du Udalak, posible den neurrian kutsadura akustikoa murrizteko asmotan.

Nabarmendu behar da atzo aurkeztutako zarata mapak ez dituela sarri kexak eragiten dituzten beste zarata iturri batzuk aipatzen (taberna inguruetan sortzen dena, obrek eragiten dutena...). Bada, Udalak bestelako iturri horiek ere aztertu gurako lituzkeela dio Lander Arregik, obra eta zerbitzuetako zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak