Mendiaren eta etxeen egoera aztertzen dabiltza teknikariak Boluan

Mirari Altube Arrese 2017ko urt. 17a, 08:27

16:00etan egingo dute bizilagunekin batzarra udal ordezkariek udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Bizilagun ugari euren etxeetara sartu ahal izan dira dagoeneko, ondasunen bila.

Eguna argitzen hasi orduko iritsi dira Bergarako Bolura Udal teknikariak, suhiltzaileak, udaltzainak eta ertzainak, besteak beste. Etxeetatik ura ateratzen da oraindik eta teilatuetan enborrak daude, izan ere, lur-jausia etxeetaraino iritsi zen atzo. Kalte handienak izan dituen etxebizitza, 59 zenbakiduna da.

Ondarrun, Kaminalden izandako lur-jausian, zuzendari lanetan jardun duten ingeniaria eta geologoa etorri dira ikuskatzera, baita suhiltzaileak ere. Guztien artean mendi magala aztertuko dute eta hemendik aurrera zer gerta daitekeen aurreikusi.

Kalterik handienak, lehen azterketan, 59. atarteko etxebizitzak izan du eta oraindik ura ateratzen da handik. Kalte handiak izan ez dituzten etxebizitzetako bizilagunei 12:00etan esango diete etxeetara itzuli ahal izango diren edo ez. Gaua etxetik kanpo pasa duten bizilagun batzuk dagoeneko gerturatu dira hara eta negarrei ezin izan diete eutsi.

Enborrak teilatuetan

Lur-jausia etxeetaraino iritsi zen. Atzeko pareta jo zuen lurrak eta teilatuan enborrak daude. "Bi bloketan behintzat ur asko sartu da, baita harriak ere", jakinarazi dute suhiltzaileek. Gau osoan izan dira bi udaltzain eta bi ertzain egoera zaintzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak