Lur gaineko Espainiako Kopako lehen proban, mushing-ean, Bergarako Fernando Cobos izan da garaile, Gari txakurrarekin batera. Galiziako A Estrada herrian jokatu zen lehen proba hori eta 6 kilometro eta 200 metroko ibilbidean, kilometro bakoitzean 3 minutu eta 15 segundo inguru eginda, guztira 20 minutu eta 50 segundoko denboran helmugaratu zen Cobos. Parte hartu zuen beteranoen II mailan irabaztea lortu zuen, beraz. Pozik dago lortutako emaitzarekin.
Kopako beste probak
Orain, Kopako beste hiru probak ditu aurretik: Madrilen jokatuko da hurrengoa hilaren 22an, otsailaren 25ean egingo da hirugarrena Burgosen, eta azkena, Tarragonan izango da martxoan. Guztietan irabaztea du helburu.
Aurrera begira
Gainera, aurretik, abendu hasieran jokatutako Espainiako Txapelketan 40 urtetik gorakoen kategorian hirugarren sailkatu zen, eta Kopako lehen proban ateratako emaitza ere kontuan hartuta, aukera asko ditu irailean Italian jokatuko den Europako txapelketarako, edo azaroan Polonian jokatuko den mundialerako sailkatzeko.
Entrenatzen jarraituko dute aurrerantzean ere Cobosek eta Gari txakurrak eta ea ba dituzten helburuak betetzea lortzen duten.