Kontzertu borobila gabonei ongi etorria emateko

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 18a, 17:15

Talde guztiek elkarrekin jotako azken abestia, Baga-Biga-Higa.

Udal Musika Banda, Aritzeta Abesbatzak, Orkestra Sinfonikoak, Orfeoiak eta Orfeoi Gazteak eta Musika Eskolak eskainitako emanaldiak ez zituen epel utzi frontoiko harmailak bete zituzten ikusleak. Gabon garaiari ongi etorria emateko soinu banda ederra osatu zuten berrehundik gora musikari eta abeslarik.

Bergarako Udal Banda arduratu zen kontzertu handiari hasiera emateaz Terra Vulcanica obrarekin. Sumendiaren inguruko naturaren ezaugarriak islatzen ditu pieza honek. Dena den, bere ezaugarri nagusia oso melodikoa dela da, eta entzuteko "atsegina", tentsio uneak ere badituen arren. Hala, txorien txioak eta guzti entzun ahal izan zituzten atzokoan entzuleek.

Bandaren ostean, Aritzeta abesbatzaren txanda iritsi zen. Imanol Urtzelaik zuzentzen duen taldeak hainbat abesti kantatu zituzten, John Lennonen Imagine ezagunarekin hasita. Horren ostean, Josu Elberdinen Izar ederrak eta Rutterren Candeligth Carol abestu zuten. Eta, umore tonuan bukatzeko, Gillen eta Greneten Tú no sabe inglé kantatu zuten.

Ondoren, Orkestra Sinfonikoak Gladiator pelikularen soinu banda interpretatu zuen. Hala, kontraste handiko emankizuna izan zen, eta instrumentu mota guztiek dute euren protagonismoa. Izan ere, soinu indartsuekin eta metal instrumentuen protagonismo handiarekin hasten bada ere, Earth izeneko zatia delikatuagoa da, eta bertan soka instrumentuak nabarmentzen dira. Dena den, obra honen baitan, adar ingelesaren soloa "oso polita" izan zen.

Azkenik, Bergarako Orfeoiak eta Gazte Orfeoiko kideek Aitor Biain oñatiarraren zuzendaritzapean Papulisen Imbakwa, Emersonen Africa, Guzmanen Cantemos a María eta Kalakanen Sagarra Jo abestu zuten. Nabarmendu behar da ikuskizun osoa eskaini zutela; izan ere, abestiak bikain lagundu zituzten gorputz espresioekin.

Amaiera borobila

Emanaldiari merezi zuen bukaera emateko, talde guztien artean Mikel Laboaren Baga-Biga-Higa jo zuten, ileak puntan jartzeko moduko emaitzarekin. Nabarmentzekoa izan zen, musikarien eta abesbatzetako kideen lanaz gain, Aitzol Mujikak egindako solo bikaina.

Hala, abestia bukatzean txalo zaparrada jaso zuten guztiek publikoaren partetik. Gero, talde bakoitzeko zuzendariek zein Aitzol Mujika bakarlariak lora sorta bana jaso zuten.

Eta bukatzeko, kontzertuan parte hartu zuten guztiek, publikoarekin batera, Hator Hator eta Adeste fideles gabon kanta ezagunak abestu zituzten.

Erlazionatuak

Gabonetako kontzertua Udal Pilotalekuan

Maite Txintxurreta 2016 abe 18 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak