Enaitz Alustizak eraman du etxera txapela

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 17a, 10:38

Alustiza txapelduna, bukaerako agurrean

Atzo gauean jokatu zuten kartzela zaharrean Kopla Barik bertso eskolak antolatutako Bergarako bertsolari txapelketa. Zazpi bertsolari izan ziren taula gainean, eta Enaitz Alustiza izan zen irabazle, buruz burukoan Unai Arantzabal gaindituta.

Jon Patxi Aiastui, Enaitz Alustiza, Jon Altuna Oxan, Unai Arantzabal, Iñigo Artzelus, Gari Lopez de Munain eta Eñaut Uriarte izan ziren atzokoan taula gainean txapela lortzeko lehian aritu zirenak. Gai jartzaile lanetan, berriz, Ibon Leibar Txinbo. Aurkezpenean Leibarrek berak aipatu zuen moduan, aurtengoan "guztiak iritsi dira finalera"; izan ere, oraingo honetan ez da kanporaketarik izan, eta saio bakarrean erabaki dute nor den txapelduna.

Hala, makina bat jende gerturatu zen hitzordura, eta parte hartzaileen aldetik behintzat, espektakulua ez zen falta izan. Nobedade moduan, hasierako agurrak puntuagarriak izan dira aurten, eta erronda horretan herriko bertsolarien sormena handia izan zen. Hala, ileordeez, trikornioez, panderoez edota rapero arropez lagunduta hasi zuten saioa.

Agurren ostean, ariketa desberdinekin hasi ziren bertsolariak, Txinbok pentsatutako gaiak ahotan hartuta: Jarduneko bazkide egin eta Hawaira bidaia irabazi duenarena, sexologo batekin ligatu duenarena, ordenagailuan birusa sartu zaionarena... Errimaz errima, publikoaren barrea eta txaloak eragin zituzten bertsolariek.

Buruz burukoa

Ariketak bukatuta, buruz burukora igaroko zirenak zeintzuk izango ziren erabakitzeko unea iritsi zen. Bata epaileek aukeratu zuten, Enaitz Alustiza, eta bigarrena, berriz, ikusleen esku zegoen. Bada, hamaseina boto jasota, berdinketa izan zen Jon Patxi Aiastuiren eta Unai Arantzabalen artean. Gauzak horrela, bertso bana bota zuten finalista nor izango zen erabakitzeko, eta epaileak esan zuen Arantzabalek merezi zuela buruz burukora igarotzea.

Bada, bi finalistek maila ona erakutsi zuten, bai taula gainean egindako bertsoetan, baita publikoaren artean murgildu eta bertan ikusitakoak abesten ere. Azkenik, baina, epaimahaiak erabakia hartu zuen, eta 633 puntu eskuratuta, Enaitz Alustizari entregatu zioten aurtengo Bergarako bertsolari txapelketako txapela.

Pozik hartu zuen saria Alustizak Ibai Redondoren eskutik, eta bukaerako agurrean "lo dagoen aingerutxoari" eskaini nahi izan zion.

Erlazionatuak

Bergarako bertso txapelketa

Maite Txintxurreta 2016 abe 17 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak