Etxeak. Sormen berezi bat Euskal Herrian. Izenburu hori du Baionako arkitektura artxibategiak kaleratu duen liburuak. Isidro Monzon arkitekto bergararrak 1957 eta 1985 urteen bitartean burututako lanik berezienak azaltzen dira bertan.
Testuak euskaraz zein frantsesez daude, eta argazkiek planoek eta kronologia batek osatzen dute liburua.
Monzon gudaria izan zen lehenik, eta frankismo garaian iheslari izan zen Venezuelan, Kolonbian edota Mexikon. Dena den, bere bizitzako zati handi bat Ipar Euskal Herrian eman zuen, eta hango kostaldean garatu zituen bere lanik bereizgarrienak. "Guretako garrantzitsua den lan bat egin zuen; izan ere, iparraldean etxe guztiak zuriak, gorriak eta berdeak dira. Isidrok, aldiz, etxeak egiteko Larrun mendiko harria erabiltzen zuen, borden edo artzain txabolen modeloa jarraituaz.
Monzonek errotu zuen estilo hari Neobasque deritzo, eta liburuaren egile Jean Idiartek nabarmendu duenez, tradizioa eta modernismoa uztartzen zituen. Hala, gehienak duela berrogei urteko eraikuntzak izanda ere, kutsu moderno hori mantentzen dutela dio: "Gaur egun, oso ongi zahartu dira; etxe modernoak ziren garai hartan, eta gaur ere moderno mantentzen dira".
Arkitektoaren lana argitara
Lan hau burutzeko artxiboak eta dokumentazioa biltzeko, Olaso Dorrea Fundazioaren laguntza eta ekarpenak jaso dituzte Baionako artxibategian. Bada, fundazio horretako kide den Jose Luis Elkorok nabarmendu du lan honek bergararren zein Euskal Herritarren jakintza aberasteko balio izango duela.
Izan ere, Isidro bere anai Telesforo Monzonen itzalpean izan zen neurri batean, eta Telesfororen izena bere garaian oso ezagun egin bazen ere, Isidrorena ez zen horren ezaguna."Pertsonalki guk ezagutu genuen, baina bere lana eta bere jakinduria ez. Orain aukera izan dugu lan hori ezagutzeko, eta oso pozik gaude, aberastu egin gaitu eta, eta ikusi dugu herria ere aberastu egin dela jakinduria honekin", adierazi du Elkorok.
Liburua Elkar liburu denda sareko dendetan izango da eskuragarri aurrerantzean.