Desagertuko den Seguros Bilbao taldearekin denboraldi polita burutu ostean, profesional mailara egingo du jauzi Jokin Etxabe bergararrak (Bergara, 1994ko otsailak 3). Bere talde berria, aurten debuta egingo duen Aevolo Cycling Team izango da. Amerikako Estatu Batuetako taldea, World Tour mailako Cannondale-Drapac taldeko bigarren taldea izango litzateke.
Espainiako 23 urte azpiko selekzioarekin 14 lasterketatan aritu da Jokin Etxabe, eta guztira 14 top-ten eskuratu ditu. Bergarako proban, gainera, bigarren izan zen, eta Nafarroako Itzulian (seigarren), eta Gaztela eta Leongo Itzulian (zortzigarren) postu garrantzitsuak eskuratu zituen.
"Beste aukera batzuk izan ditut, baina hau izan da gehien bete nauena. Formaziorako talde bat da, eta txirrindulari moduan asko hazteko aukera izango dut. Gainera, Cannondale Drapac taldearen jarraipena izateak etorkizunerako aukerak ematen dizkizu. Coloradoko edota Utahko itzuliak bezalako maila handiko itzulietan ibiliko gara. Ikasten saiatuko naiz eta ahalik eta hoberen egiten. Alferrik galdu ezin dudan aukera bat da", azaldu du Jokin Etxabek.