Bergarako eta Antzuolako gimnastak ari dira aurten ere, ohi bezala, gimnasia erritmikoko Ariznoa klubean; irailean hasitako ikasturte berrian, baina, Oñatiko bost neska eta Legazpiko hiru ere batu zaizkie. 5 eta 20 urte arteko 100 neska dira denera Ariznoan ari direnak, eta egubakoitzean erakustaldia egingo dute Labegaraietan, 18:30ean hasita.
Bi ordu inguruko saioa izango da, bi zatitan banatuta. Aurreneko zatian, talde bakoitzak bere ariketa egingo du, ohiko gimnasta arropekin. Bigarren zatian, berriz, Eguberrien aitzakian egindako arropekin egingo dute beste dantza bat.
Otsailean hasiko dira gimnastak lehiaketetan, eta ordura begira prestaketa nola doan ikusteko modua izango da erakustaldian. Txikienentzat, berriz, guraso eta gainerakoen aurrean aritzeko aukera, lehiatu 10 urtetik gorakoek egiten dute-eta bakarrik.