Abenduan sartu gara honezkero, eta azken urteetan egin bezala, Kopla Barik helduen bertso eskolak Bergarako bertsolari txapelketa antolatu du.
Aurreko edizioetan egun desberdinetan herriko tabernetan kanporaketa saioak egin dituzten arren, aurtengoan saio bakarrean erabakiko dute nork eramango duen txapela etxera.
Bada, aurtengo txapelketako hitzordu hori abenduaren 16an izango da, hau da, datorren egubakoitzean, gaztetxean, 22:00etan. Sarrera doan izango da.
Kopla Barik eskolak antolatzen duen hirugarren edizioa izango da, eta ikusle ugari erakarri ohi ditu. Lehenago Kortazar tabernak antolatzen zuen txapelketari jarraipena emateko asmotan heldu zioten Kopla Barikekoek.
Parte hartzaileak
Herriko zazpi bertsolari izango dira taula gainean, guztiak ere txapelketa honetan esperientziadunak. Zehazki, ondorengoak izango dira: Jon Patxi Aiastui, Enaitz Alustiza, Jon Altuna Oxan, Unai Aranzabal, Iñigo Artzelus, Gari Lopez de Munain eta Eñaut Uriarte. Ohi bezala, Ibon Leibar Txinbo arituko da gai jartzaile lanetan.
Iazkoan txapela jantzi zuen Iñigo Artzelus aurtenlehiakideen artean egongo da. Baita ere berarekin batera buruz buruko finalera iritsi zen Gari Lopez de Munain. Hain zuzen, bera izan zen irabazlea duela bi urte. Iaz finaleko saiora iritsitako Asier Arriaran Txiek ere ez du parte hartuko aurtengoan.
Bakarkako agurrekin hasiko dute saioa, hauek ere puntuagarriak izango direlarik, eta ondoren ariketa desberdinekin hasiko dira; zortziko txikian, handian, puntuka...
Ariketa desberdinetako puntuaketen arabera, bi onenak buruz buruko finalera iritsiko dira, eta bertan erabakiko dute zein izango den irabazlea.
Umorea nagusi
Beti bezala, umore ukitua ez da falta izango bertso txapelketa honetan. Hala, antolaketa taldeko Eñaut Alvarezek aurreratu du parte hartzaileei musika instrumentuak edota mozorroak ekartzeko eskatu dietela, horiekin bertso ariketa desberdinak egingo dituzte-eta.