Txapa irratia, herritarrek herritarrendako egina

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 9a, 14:44

Bergarako irrati libreak hiru hamarkada baino gehiago daramatza uhinetan, etxeko marka diren irratsaio beteranoak mantenduz eta saio berriak emanez. Gogorarazi dute herritar ororentzat zabalik daudela irratiko ate eta mikrofonoak.

97.20 frekuentzia da irrati katerik kuttunena hainbat eta hainbat bergararrendako. Kartzela zaharretik emititzen diren uhin libreek 32 urte daramatzate txapada ematen.

2016-2017 denboraldian ez dira falta Txapako parrillako beterano diren irratsaioak, tartean Berbenir edota Kolax, biak ere hamar urtetik gora daramatzatenak uhinetan. "Duela urteak hemen hasitako jende askok mantentzen du Txaparekin lotura. Probatzen duenak, sarri, jarraitu egiten du", dio Txapako kide Lander Juaristik.

Dena den, saio berrien freskura ere topa daiteke 97.20an. Denboraldi honetan bi estreinaldi izan dira: Halabalooza eta Nere Kuttunak irratsaioak. Hala, denboraldi honetan Bergaran ekoiztutako 18 irratsaio emititzen dituzte Txapan. Horrez gain, irrati libreen Arrosa sarearen baitan dago Bergarako irratia, eta, horren bitartez, beste toki batzuetako irratietan ekoiztutako saioak ere ematen dituzte, eta Txapak ere bere ekarpena egiten du sare horretara.

Irrati kate bat baino gehiago

Txaparen eginkizuna ez da soilik irrati kate bat izatea, hortik harago doa, "kolektibo bat da", dio Juaristik. Hala, aurrerantzean ere "herriko eragile izaten" jarraitu nahi dute. Izan ere, urtean zehar hainbat kontzertu edota kultura ekitaldi antolatzen ditu Txapak, bi helbururekin: bata, autofinantzaketa, eta bestea, berriz, herriko eskaintza kulturala zabaltzea. Gainera, antolatzen dituzten kontzertu guztiak irratian ematen dituzte.  

Txapa Irratiaren izenean antolatzen dituzten kontzertuez gain, badira jaialdiak antolatzen dituzten irratsaioak ere. Horren adibide da, esaterako, Tapoi Fest, Jar Itzazu Tapoiak irratsaioak antolatzen duen hardcore jaialdia, aurten bosgarren edizioa izan duena. Euskal Herriko hardcore zale ugari gerturatzen dira Bergarako hitzordu honetara. Haus Of Beatseko lagunek berriki antolatutako elektronika jaialdiak ere jende ugari erakarri du.

Autofinantzaketari dagokionez, esaterako, azken Erramu Zapatuko herri bazkaria prestatu zuten Txapakoek, eta atzera ere antolatzeko asmoa dute.

Irratsaio berriak

  • Halabalooza

Musika da Xabi Sanchezek, Asier Kortabarriak eta Alayn Carazok egiten duten Halabalooza irratsaioaren muina. Joan den denboraldian Indieoilar sukarra irratsaioa egiten zuen Carazo eta Cabaret Voltaire egiten zuten Kortabarriak eta Sanchezek elkartzea erabaki zuten, saio bateratu bat egiteko, eta hala sortu zen Halabalooza, azken horrek azaldu duenez. Beraz, hirurak ere esperientziadunak dira.

Aipatu bezala, musikari buruz jarduten dute, eta hainbat estilo hartzen ditu barne irratsaioak: "Hasiera batean, indie musikara bideratu nahi genuen, baina, azkenean, hori baino zabalagoa da, gustuko dugun edozein taldez aritzen gara, edozein estilotakoak", diote. Hala, musikaren gaurkotasunaz mintzatzen dira, jaialdiak edo kontzertuak iragartzen dituzte, atera berri diren diskoei buruz berba egiten dute... Dena den, tarteka "klasikoak" ere entzun eta jorratzen dituztela azaldu du Sanchezek. Kide bakoitzak gustuko dituen kanta edo diskoak eramaten ditu, eta horiek entzun eta komentatzen dituzte guztien artean.

Domeketan entzun daiteke Halabalooza irratsaioa, 20:00etan. Horrez gain, astelehenetan (18:00) eta eguaztenetan (01:00) errepikapenak entzun daitezke, eta uneoro www.txapairratia.org atarian zintzilikatzen dituzten podcastetara joz gero.

  • Nere kuttunak

Amaia Amasorrain da Nere kuttunak irratsaio berriaren gidaria. Irratsaio kulturala da honakoa, eta musika eta literatura ditu ardatz. Saio bakoitzean proposamen bat aurkezten du Amasorrainek, eta gonbidatu batekin batera, liburu bati edo disko bati buruz aritzen dira solasean. Hala, liburu bati buruz dihardutenean, esaterako, pasarteak irakurtzen dituzte, eta musikaz ari direnean, kantak jartzen dituzte.

Orain arteko saioetan, esaterako, RIP musika taldeaz, Anariren Zure aurrekari penalak diskoaz eta El hombre en el castillo liburuaz aritu dira saioan.

Bistan denez, saio batetik bestera lantzen den lanaren estiloa oso desberdina da; izan ere, irratsaio bakoitzean gonbidatua pertsona desberdin bat izaten da. Beraz, gustu guztietarako irratsaioa da honakoa. Hala, entzuleek liburu, entzule edo musika talde desberdinak deskubritzeko aukera izango dute.

Saioa egitera nola animatu zen galdetuta, Amasorrainek dio duela urte batzuk ere ibilia dela Txapan, eta herritik kanpo egon ostean, berriro ere irratsaio bat egiteko gogoa bazuela.

Nere kuttunak irratsaioa egubakoitzetan emititzen dute, 21:00etan, eta zapatu eguerdian (14:45) eta domekatik astelehenerako goizaldean (05:00) entzun daitezke errepikapenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak