Aroztegi aretoak Bergarako Arte elkartearen lanen erakusketa jasoko du. Gaur 19:00etan inaugurazio ekitaldi xumea egingo da, eta, hortik aurrera, abenduaren 18 arte, martitzenetik domekara bitartean bisitatu ahal izango da erakusketa.
50 artista inguru
Elkarteko bazkide diren 70 pertsonetatik, 50 inguruk hartuko dute parte erakusketan, eta bakoitzak artelan bat izango du erakusgai.
Elkarteko lehendakaria den Juanjo Altunaren esanetan, parte hartuko duten kideen artean jubilatuen profila da nagusi, baina jende gaztearen presentzia ere egongo da. Horrez gain, lan guztiak ez direla pintura diziplinaren barruan sartuko esan du Altunak: "Iaz baino lan gehiago egongo dira, gehienak margolanak. Hala ere, elkarteko kide diren eskultore batzuen lanak ere bertan ikusi ahal izango dira".
Teknika eta estilo ugari
Margolanei dagokionean, olio-pinturak izango dira nagusi, baina akuarelekin egindako lanak ere egongo dira. Lan horiek, hainbat estilo jorratzen dituzte, tartean, paisaiak, denetariko bodegoiak eta konposizio ezberdinak.
Eskulturen kasuan, hiru izango dira Aroztegin ikusi ahal izango direnak. "Horietako bi eskultura tridimentsionalak izango dira, eta paretan egongo dira eskegiak", gaineratu du.
19:00etan inaugurazioa
Gaurko irekiera ekitaldian, Bergarako Arte elkarteko kideek erakusketaren aurkezpen txiki bat egingo dute, aldi berean, herritarrei gonbitea eginez.
Martitzenetik ostiralera, erakusketa arratsaldez egongo da irekia (18:00-20:30). Zapatutan, berriz, goiz (12:00-14:00) eta arratsaldez (18:00-20:30) egongo da zabalik, eta domeketan, goizez (12:00-14:00) bakarrik.