Jose Mari Rubio eta Felipe Uriarte lagunak Bergarako asmatzaileak direla esan daiteke. Izan ere, denetariko tramankuluak egin dituzte. Boluko tailer batean egiten dute lan, eta bertan haien ingeniaritza arloko jakintzak jartzen dituzte praktikan.
Benetan funtzionatzen duten makina eta gailuak egiten dituzte, eskala txikiagoan, baina. Esaterako, aipagarria da bien artean muntatu duten Mikado lurrunezko trena.
Lurrunezko trena
Trena egitea “lagun baten bitartez” otu zitzaiela azaldu du Jose Mari Rubiok. Nafar batek halako bat eginda zuen, eta galdetu zieten ia prest egongo liratekeen planoak emanda halako bat muntatzeko, lana burutzeko zortzi urteko epea emanaz, eta haiek baiezkoa eman zioten.
Lehen Mundu Gerraren garaian Estatu Batuetan Japoniarrendako egin zuten tren baten maketa da Rubiok eta Uriartek egin dutena. Tren horren izena Mikado da, eta japonieraz enperadorea esan nahi du. Garai hartan makina preziatua izan omen zen: “Japoniarrendako egiten hasi ziren, eta emaitza onak eman zituenez, eta halako hainbat egin zituzten aurrerago”.
Orijinala lurrunezkoa bazen ere, Bergarako asmatzaileek haizez zein lurrunez funtzionatu dezakeen trena egin dute.
Funtzionamendua
Trenak galdara bat dauka, lurrunezkoa, eta bertan sortzen da gurpilak martxan jartzeko behar duen energia: “Ikatza sartu behar zaio, sua egin, eta galdara berotzen denean, lurruna sortzen du”, azaldu dute asmatzaileek. “Lurrun hori, hodi batzuen bitartez, pistoietara doa, kotxean bezala. Orduan, pistoiak mugitu egiten dira, eta horiek, aldi berean, gurpilei ematen die mugimendua”.
Trenaren abiadura azkartu edo moteltzeko, makinak duen balbula bat ireki edo itxi behar da.
20 Km/orduko abiaduraraino iritsi daiteke trena, eta atzerako martxa ere badauka.
Umeak garraiatzeko modukoa
Abiaduraz gain, baina, makina honek “indar handia” ere baduela azaldu dute Jose Mari Rubiok eta Felipe Uriartek: “Atzeko partean hiruzpalau bagoitxo jarri ezkero, bakoitzean bina ume garraiatzeko besteko indarra dauka”, dio.
Hain zuzen, horixe da Bergarako bi asmatzaile hauen ametsa. Muntatu duten gailuaren ezaugarrietara moldatuko den trenbidetxo bat lortzea nahiko lukete, eta “egunen batean” herrian erakutsi eta umeek erabil dezatela. Hala, lurrunezko trenak nolakoak ziren ikusi ahal izango dute bertatik bertara.
Errota eta 'Uraren igogailua'
Boluko tailerrean gordeta, berriki egin dituzten beste bi gailu dituzte asmatzaile hauek. Batetik, errota txiki ba, antzina irina egiteko erabiltzen zirenen modukoa. “Mekanismo erraza dauka: ura erortzen doan heinean, pala betetzen joaten da, pisuagatik erortzen den arte. Orduan, egurrak beste aldean duen mailuak aleak kolpatzen ditu, txiki-txiki egin arte”, azaldu du Felipe Uriartek.
Bestetik, garai batean Toledo hirian erabiltzen zuten gailua da irudian ageri dena. Bertan, hirigunea ibai baino gorago dagoenez, etxeetara ura modu errazagoan igotzeko balio zuen igogailua da honakoa.