Iñaki Arregi Akizuk, Auzoetako, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko batzorde-burua izandakoak, zinegotzi kargua utziko du datorren asteleheneko ohiko Osoko Udal Batzarrean eta Irune Galarraga Ezenarrok hartuko du haren lekukoa.
Iñaki Arregiren hitzetan, azken hilabeteetakoa "esperientzia paregabea" izan "herriaren izaera barrutik" ezagutzeko aukera izan duelako. Harekin lanean aritu diren "guztiei eskerrik beroenak" eman dizkie, haiekin lan egitea "samurra eta aberatsa izan delako".
Iñaki Arregik zinegotzi ibilbideari amaiera eman dio aurrerantzean gizarte alorrean lan egiteko. "2017ko urtarriletik aurrera, nire eginkizunen artean izango ditut: elikagaien bankua, etorkinak, bizikidetza edota elkarteen ekintzetan parte hartzea" esan du Arregik. Eta amaitu esanez bere ordezkoari "zorterik onena" opatzen diola: "lanerako talde bikaina du eta ziur naiz, ezin hobeto egingo duela bere lana".
Bestalde, Bergarako Uri Buru Batzarreko lehendakariak, Mikel Letek Iñaki Arregiri eskerrak eman dizkio, Udalean egindako lanagatik eta "herriarekin eta herritarrekin erakutsi duen konpromisoagatik".
Hura ordezkatuko duen pertsonari, Irune Galarragari, ere eskerrak eman dizkio proposamena onartzeagatik. "Gaitasun eta erantzukizun handiko emakumea da" esan du.
Irune Galarraga Arrasateko Aita Meniko ospitaleko erizain zuzendaria da. 41 urte ditu eta 3 semeren ama da. Esperientzia kontutan izanik, "ziur gaude ekarpen izugarria egingo diola taldeari" adierazi du Letek.
Irune Galarraga zinegotzi berriak, azkenik, azpimarratu du kargua "ilusioz, arduraz, konpromisoz eta lan egiteko gogo handiz" hartu duela. "Erronka eta esperientzia berri bat da niretzat; gogotsu egingo dut lan herriaren eta herritarren alde gobernu taldeak orain artean egindako lanari jarraipena emateko" esan du.