Jesus Mari Lazkanoren hiru hamarkadako ibilbidea jaso dute liburu batean

Goiena 2016ko aza. 23a, 07:00

Lazkano, haren gaineko liburu monografikoa eskuan, bultzagileekin batera.

Donostia 2016ren baitan argitaratu dute artista bergararraren monografia. Kirmen Uribek, Edward J. Sullivanek eta Miguel Zugazak idatzitako hitzaurreekin.

Jesus Mari Lazkanok interes handia du pinturaren eta arkitekturaren arteko integrazioan, eta banako erakusketa asko izan ditu AEBn, Suitzan, Indonesian, Espainian eta Italian. Horien artean, nabarmentzekoak dira 2010ean Bilboko Arte Ederren Museoan antolatu zen atzera begirako erakusketa eta, duela hilabete batzuk, Kutxaren Kubo aretoan 40.000 bisitari baino gehiago jaso zituena. Orain, Donostia 2016ren baitan, argitaratu dute artista bergararraren monografia.

Liburua Iberdrola era Donostia 2016ren lankidetzari esker argitaratu du Nerea argitaletxeak. Margolariaren iruditeria piktorikoan murgiltzeko eta azpian dauden ideiak aztertzeko gonbita luzatzen dio irakurleari, gure inguruko munduari buruzko oso begirada berezia osatuz. Bidaia bat da hausnarketara eta gertuko errealitate antzemangarri batera, nahiz eta "ezin izango duzun inoiz bertan egon".

Lazkanoren lanak mundu zabaleko museo handienetan daude ikusgai, bai eta bilduma partikular garrantzitsu askotan ere. Horretaz gain, neurri handiko lan nabarmenak gauzatu ditu hainbat espazio publikotan, hala gure herrian, nola atzerrian.

Jesus Mari Lazkanoren lan piktorikoak multzo konplexu bat proposatzen digu, ustezko garbitasun baten azpian sare kontzeptual oparo bat gordetzen duten lan boteretsuen bitartez. Bere serieetan behin eta berriz errepikatzen diren gaiak aurkezten ditu elkarren segidan eta horiek, pendulu baten gisan, sortu eta desagertu egiten dira, indarrak berrituta itzuli eta berriz jaiotzeko.

Paisaiaren inguruko hausnarketak dira, naturaren ikuspuntu neosublime batetik abiatuta, klima-aldaketaren eta horrek dakartzan ondorioen inguruko eztabaidarekin bat egiten duen posizionamendu artistiko bat oinarri hartuta. Bere ibilbidean bestelako gaiak ere ageri zaizkigu, adibidez, denbora, argia edo arkitektura, xehetasun guztiak aztertzen dituen esplorazio bat iradokitzen duen mapa bat marraztuz.

Saiakera honetan, ikonografia ez ezik, artistaren hausnarketa paraleloak ere jaso dira. Horrela, esanahien bilbe konplexu bat eraiki du, irakurketa irekiak proiektatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak