Zurekin Bergara Euskaldunago. Horixe da Jardun Euskara Elkarteak bere bazkidetza kanpaina berrian zehar erabiliko duen leloa.
Ikurra, berriz, batuketarena da, eta horrekin gehitzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Hala, hortik azpileloak ere sortu dituzte, esaterako: Jardun gehi zu, Bergara euskaldunago edota Jardunera batzeko prest?.
Herriko presentzia areagotzea
Esan bezala, baina, kanpaina hau ez da bazkide berriak lortzera mugatuko. Aldiz, herriko presentzia areagotzeko hainbat ekintza egingo dituzte urtarrilera bitartean. Batetik, kale ekintzak egingo dituzte, eguenekoa bezala, edota photocalla kalera ateratzea, esaterako. Bestetik, erdiguneko lokalean ere askotariko ekintzak antolatuko dituzte; besteak beste, hitzaldiak, kultur emanaldiak edota haurrendako ekintzak.
Aurreratu dutenez, abenduaren 17a izango da kanpainaren egun handia. Egun osoan zehar ekintza desberdinak burutuko dituzte herritarrekin eta herriko hainbat eragilerekin.