Sprilurrek 3,5 milioi euro inbertituko ditu Larramendi industrialdean bi eraikin egiteko

Leire Kortabarria 2016ko aza. 21a, 13:58

Bergarako Larramendi industrialdea, non urteetan ez den enpresa berririk ezarri, biziberritzen hasiko da laster. Hala, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun  Sailari atxikitako Sprilur sozietateak jakinarazi du bi eraikin egingo dituela bertan. Sozietateko iturrien arabera, “gero eta enpresa gehiago interesa agertzen dabiltza” Larramendin espazioak eskuratzeko, eta haiei “tamaina ertaineko” pabiloiak eskaintzeko helburuarekin egingo ditu obrak.

Lanak egiteko 3,5 milioi euroko inbertsioa egingo da: hiru milioi, eraikin industrialak egiteko, eta milioi erdi, eraikin komertziala egiteko.
 
Proiektuaren barruan pabiloiak eta lokalak eraikiko dira bi lursailetan, bata 7.650 metro koadrokoa eta erabilera industrialerako (C lursaila), eta bestea 765 metro koadrokoa eta erabilera komertzialerako (K lursaila).

Erabilera industrialeko 17 pabiloi

Eraikin industrialari dagokionez, 360 eta 2.000 metro koadro bitarteko 17 pabiloi modular eraikiko dira, eta erabilera komertzialerako lursailaren kasuan, behe solairua gehi bi altuera eraikiko dira, bakoitza 255 metro koadrokoa. Beheko solairua gardena izango da kafetegi-jatetxe bezala erabili ahal izateko, eta goiko bi solairuetan bulegoak egingo dira, bakoitza 100 metro koadro ingurukoa.
 
Halaber, bi eraikin horiekin osatuko da jarduera ekonomiko handiagoei zuzendutako lurzoru industrial urbanizatuko lursailen eskaintza. Eraikin berri horiei esker, Sprilurren esanetan, industrialdeak aniztasuna eta dimentsioa irabaziko ditu eta enpresa sinergiak sustatuko dira. Une honetan, jarduera desberdinak garatzen dituzten bost bat enpresak jakinarazi dute lokal eta pabiloi horietan kokatu nahiko luketela. Sprilurrek ezin du, oraingoz, enpresa horien gaineko informaziorik eman.

Abenduaren 7ra arteko epea

Bergarako Larramendi industrialdean egitekoa den proiektu industrial berrian parte hartu nahi duten enpresa eraikitzaileek abenduaren 7ra arteko epea dute euren eraikuntza proposamenak aurkezteko. Behin esleipen prozesua bukatu ondoren, Sprilurrek asmoa du 2017ko urtarrilean hasteko 12 hilabetez luzatuko diren eraikuntza lanak.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak