Hasieratik argi geratu zen Soraluze atzean itxaron eta kontraerasoak aprobetxatzera irtengo zela. Baloiaren jabetza Bergararena izan zen partidu osoan zehar, lehen zatian nabarmen. Baina, futbolaren kapritxoak tartean, kanpokoek estreinatu zuten markagailua. Eskerrak etxekoek berehala sartu zutela berdinketaren gola; atsedenaldira banako berdinketarekin joan ziren.
Polemikarako bi jokaldi
Bigarren zatia hasi eta berehala heldu zen 2-1ekoa; lasaitasunaren gola izan zen Bergararentzat eta izan zituzten aukerak aldea handitzeko baina ez zuten asmatu. Azken ordu erdian, baina, taldeak behera egin zuen nabarmen eta Soraluze arriskua sortzen hasi zen. Gainera, polemikarako tartea ere izan zen; partiduko azken txanpan epaileak ez zituen Soraluzeren aldeko bi penalti adierazi... Amaieran, merezitako bezain sufritutako hiru puntuak Agorrosin geratu ziren.
Ohorezko Erregional Maila
Ohorezko Erregional Mailako hiru taldeek kanpoan jokatu dute asteburuan. Mondrak galdu egin zuen zapatuan Azkoitian Anaitasunaren aurka (2-1); hirugarren partidua galdu dute jarraian Josu Zubiaren mutilek eta honezkero seigarrenak dira sailkapenean, 20 punturekin.
Bestalde, Aloña Mendik denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen zapatuan Hondarribian (0-1). Ea dinamika onean sartu eta pixkanaka gorantz egiten duten sailkapenean; 11. jardunaldia amaituta, azken aurrekoak dira sailkapenean, 7 punturekin.
Amaitzeko, UDAk 2-0 galdu egin du Irunen Real Unionen aurka. Aretxabaletarrak 1-0ekoarekin joan dira atsedenaldira eta bigarren zatian ezin izan diote neurketari buelta eman. Azkenean, txuri-beltzek eraman dituzte hiru puntuak 2-0ekoarekin.