Bazkaltzeko eta azken 40 urte luzeetako istorioak eta pasadizoak gogoratzeko aukera izan dute Bergaran, Lokatzaren 40. urtemugaren ospakizunean. Bazkarian, besteak beste Lokatzaren aurreneko pausoetan murgilduta ibili ziren Fermin Hernandez (omenaldi moduan koadro bat jaso du bazkal ostean) edota Pello Garitano izan dira. Baita, taldeko lehenengo sponsor-a izandako Avenidako Pello Larrañaga ere. Miguel Angel Larrañaga Lokatzako presidente ohia edota gaur egungoa, Ion Unamuno, ere bertan izan dira, baita taldetik profesionaletara jauzia eman duten Eneko Lizarralde eta Julen Irizar (Murias Taldea) edota Mikel Aristi (Delko-Marseille).
Bazkal ostean, Jesus Arantzabalek, Santi Aiastuik, Migel Bengoak eta Jose Ignacio Askasibarrek omenaldia jaso dute, eta gazteek oroigarri bana banatu diete. Hala ere, sorpresak ez dira hor bukatu eta Fermin Hernandezek ere oroigarri berezia jaso du Lokatzako hasierako urteetan egindako lanagatik. Taldea urte asko lanean ibilitako Jesus Kortabarria 'Kaxeta'k bertsoak eskaini dizkie omenduei.
Omenaldiaren ostean, mahai-ingurua antolatu du Lokatzak, eta bertan lau omenduek eta Txomin Perurenak eta Migel Mari Lasak hartu dute parte, Arritxu Iribar Euskadi Irratia-ko kazetariak gidatuta. Mahai-inguruan, orduko pasadizoak eta bitxikeriak gogora ekarri dituzte txirrindulari ohiek.