"Horrenbeste lan eta borroka egin dutenak, gure aiton-amonak, gogoratu nahi izan ditugu. Herri askea defendatzen zuten, justizia, bakea. Balio horiek bere egiten ditu Sortuk", adierazi du Sortuko Ibai Redondok.
Aipamen berezia egin diote, aldi berean, Angel Irazabalbeitia Txorta-ri: "Franko sartu eta gaur egunera arte milaka izan dira borrokan aritu diren euskal herritarrak eta ehunka bidean geratu direnak. Azken horietako bat izan da Txorta eta atzo bete zirenez 22 urte erail zutenetik, gogora ekarri nahi izan dugu haren senideei omenaldi txiki bat eginda".
Ez errepikatzea
Omenaldiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeaz gain, hau guztia errepikatuko ez dela bermatu egin behar da: "Saiatzen ari gara guztion artean Euskal Herrira konponbide justu eta demokratiko bat ekartzen eta ez dugu nahi bizi izan dugun sufrimendua errepikatzerik. Ez dugu faxismorik eta gerra zibilik errepikatu nahi eta horretarako, gure ustez, bide bakarra da euskal herritarrei bere eskubide politiko, sozial eta kulturalak bermatzea. Ezker abertzaleak 50 urte egin ditu estatuari eskubide horiek berma daitezela eskatzen, baina ez dugu hori posible denik uste. Aurrerapauso guztiak euskaldunok gure artean lana egin dugulako izan dira; aurrerantzean ere gurea sortzean dago gakoa". Redondoren arabera, gudariei egingo zaien omenaldirik onena euskal estatu independentea izango da.