153 argazki aurkeztu dituzte aurten Bergarako Udalak Arizondo Argazkizale Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen Kirol Argazkien Lehiaketaren XXVI. ediziora: zuri-beltzeko argazkien kategorian 70 argazki eta koloreetakoan, 83. Maila bakoitzean, gainera, zazpi argazkilari bergararrek aurkeztu dituzte beraien lanak. “Partaidetza oso ona izan dugu, iaz baino argazki gehiago jaso ditugu eta. Pozgarria da baita ere saridunen artean hiru argazkilari berri daudela. Horrek esan nahi du kirol argazkilaritzan mugimendua dagoela ” adierazi du Iñaki Ugarteburuk, Kirol teknikariak, gaur iluntzean egin duten sari banaketan.
Sari nagusiak herritik kanpora joan dira. Hala, zuri-beltzeko argazkien kategorian, Aitor Gonzalez gernikarrarentzat izan da sari nagusia, Tocado y hundido izeneko argazkiagatik. Iaz ere Gonzalez bera izan zen irabazlea. Bigarren saria Imanol Manterola zumaiarrak irabazi du; hirugarrena Bermeoko Iker Pardok; eta bergarar onenaren saria Benito Canterorentzat izan da Piraguismo I argazkiagatik.
Koloreetako argazkien mailan, Josemi Romero ordiziarra izan da argazki irabazlea, Skating I izenekoa, irabazi duena. Bigarren saria Aritz Gordo arrasatearrak eskuratu du; hirugarrena, Pedro Luis Ajuriagerra bilbotarrak; eta Bergarako onenaren saria Jose Agustin Gurrutxagak irabazi du Igerian argazkiagatik.
Gaur bertan zabaldu dute Argazki irabazleak eta aurkeztu diren beste hainbat jasotzen dituen erakusketa, eta abenduaren 4ra arte bisitatu ahalko da.
Boxeoa eta skate-a
“Ilusio berezia egiten dit saria irabazteak, Bergara erreferente bat da-eta argazkilaritza munduan. Zuri-beltzeko kategorian irabazteak ere ilusioa egiten dit”, adierazi du saria hartu ostean Aitor Gonzalezek. Bilbon egindako boxeo borroka bat da bere argazkian agertzen dena, gernikarrarentzat kirol oso fotogenikoa: “Argazkiarekin istorio bat kontatzen saiatu naiz, ez kolpe baten momentua. Lurrera erori den eta altxatzen saiatzen den borrokalari bat agertzen da, baita zain duen arerioa ere.”
Aitor Gonzalez
Koloreetako argazki irabazlean, aldiz, skate-a egiten dabilen neska bat da protagonista. “Ordiziako jaietan dago aterata, skate lehiaketa baten. Emazteak animatuta joan nintzen argazkiak ateratzera, eta hauxe da hobekien irten zena”, esan du, saria eskuetan, Josemi Romerok. Gaineratu du ustekabea izan dela irabaztea: “Duela bospasei urte hasi nintzen argazkilaritza serio hartzen. Apurka-apurka sakontzen joan naiz, baina ez nuen halako saririk irabazterik espero”.
Josemi Romero