Izan ere, Manolo Cainzosen Herri Mugimendua-Un Movimiento Ciudadano liburuaren bigarren aurkezpena egin berri dute liburutegiari berriz erabilpena emango diotela ospatzeko. "Liburuan esaten dena guztiz bat dator gaztetxearen filosofia eta kudeaketa ereduarekin, autogestioarekin", adierazi du Polvorosak.
Duela bederatzi urte argitaratu zen Bergaran 1970-80 urte bitartean egon zen herri mugimendua azaltzen duen liburua. Hala ere, "momentu hartan ez zuen behar besteko oihartzunik izan", Manolo Cainzos idazlearen esanetan. "Gaur egun arrakasta gehiago izaten ari da, ordu hartan baino. Irakurleen interesa berpiztu egin da", dio.
Ekitaldi honek bi helburu zituela nabarmendu du Polvorosak. "Alde batetik, jende heldua gaztetxera hurbiltzea, guztiondako tokia delako eta, bestetik, gaztetxearen filosofiarekin eta autogestioaren ideiarekin guztiz bat egiten duen liburua aurkeztea", azaldu du. Bi helburua "beteta gelditu" direla gaineratu du.
Ekintza gehiago
Gaurko aurkezpena lehena izan da eta aurrerantzean ekintza gehiago antolatuko dira Angiolillo liburutegian. Esaterako, abenduaren 21ean, Igor Melchor kazetariaren hainbat libururen gaineko solasaldia egongo da, 19:00retan.