Emonek Argentinaraino eraman du bere 'Sua'

Maite Txintxurreta 2016ko aza. 18a, 11:58

Kontzertuan, jarraitzaileekin (Argazkia: Aratz Bergara)

Taldekideen artean hainbat bergarar dituen musika taldea Necoecheako euskal etxeak antolatu duen euskal astean izan dira, eta bi kontzertu eskaini dituzte. Azken diskoaren aurkezpena borobiltzeko "esperientzia bikaina" bizi izan du taldeak.

Emon musika taldeak bukaera borobila eman dio Sua diskoaren aurkezpen birari, duda barik. Izan ere, non eta Argentinan izan dira egunotan, Buenos Airesko probintzian dagoen Necochea Euskal Etxeak antolatu duten euskal astearen baitan. Hala, joan den egubakoitzean eta zapatuan kontzertu bana eskaini zuten, gauez.

Emon taldeak europatik kanpo eman dituen lehendabiziko kontzertuak izan dira hauek, eta kontatu dutenaren arabera, esperientziak ez ditu epel utzi taldekideak. Alderantziz, aho zapore ezin hobearekin itzuliko dira Euskal Herrira.

Esperientzia aberasgarria

Ozeano AtlantikoTaldekideentzat esperientzia "bikaina" izan da: "Argentinara heldu ginenetik oso harrera ona izan genuen, etxean egongo bagina bezala sentiarazi nahi gintuzten". Azaldu dute bertako jendeak etxean hartu zituela, eta iritsi orduko sagardotegiko menua ere bazutela mahai gainean, beraien zain.

Harrera bero hori Emonek eskainitako bi emanaldietan ere igarri zuten, "kristonak" izan zirela baitiote. "Jendez beteta, denak dantzan eta entregatuta" ei zegoen Necocheako Euskal Etxeko aretoa. Taldeko abeslari den Eneko Longartek azaldu du kontzertua bukatzean jendea zorionak ematera hurbildu zitzaiela. Gainera, kontzertuotan argentinar batzuek beraiekin kolaboratu zuten. Errepikatzeko moduko esperientzia aberasgarria, beraz.

Euskal asteaz gozatzen

Ozeano Atlantikoaren beste alderaino joan badira ere, giro euskalduna ez dute faltan somatu Emoneko kideek. Izan ere, Necoecheako euskal astean musikari moduan parte hartzeaz gain, antolatutako ekintzez eta bertako giroaz gozatzeko parada ere izan dute. Esaterako, euskal dantza emanaldietan egon dira, baita zapatu arratsaldean izan zen danborrada handian ere, besteak beste..

Izan ere, hitzorduz betetako astea izan du Necocheako euskal komunitateak. Hala, Emonen kontzertuaren aurretik, esaterako, Kalakan hirukote famatuak eskaini zuen emanaldia.

Bertan euskal jendeak euskal kulturarekiko duen sentimenduarekin "harrituta" geratu zirela diote Emonekoek, eta euskaraz "maila onean" berba egiten duen argentinar dezente ere topatu zituztela esan dute.

Necocheako jendeaz gain, beste estatu batzuetatik euskal astera gerturatutako jende ugari elkartu zen, eta euskal astearen azkenengo egunean 900 pertsona bildu ziren mahaiaren bueltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak