Plazatik gaztetxera

Eneko Azkarate 2016ko aza. 17a, 20:00
Egan taldearen lehen diskoaren azala, Txibiston hartutako irudi batekin.

"Egan taldeak gaztetxean joko duela entzun dut"; "Eganek? Gaztetxean? Saldiasek ez du, bada, erretiroa hartu?"; "Bai, baina azken kontzertua izango ei da. Sasoi baten Errege bezperako frontoiko dantzaldia antolatzen zutenek eta gaztetxekoek elkarrekin antolatu dute, Mokolo Eguna dela eta…".

Bi bergararren arteko solasaldia da. Izan ere, Egan taldeak azaroaren 26an Bergarako gaztetxean eskainiko duen emanaldiak jakingura sortu du herrian. 5 eurotan jarriko dituzte sarrerak salgai eta aldez aurretik salduko dituzte, agortu arte. 250 bat sarrera. Azaroaren 22an, 19:00etan, Irizar parkean. Kontzertu egunean ez dituzte salduko.

Eganekin batera, Kokein talde eibartarra, telonero, eta jaiari amaiera emateko Elvis Caino disko jartzailea.

Baina zergatik Egan, zergatik gaztetxean eta zegatik orain? Sasoi baten, berbenak gorenean zeudenean, 1980 eta 90eko hamarkadatan, dantzaldi-talde ospetsu eta oparoena izan zen, urtean 200 emanalditik gora egiten zituelarik plazarik plaza. Bergararekin lotura berezia izan zuen. Besteak beste, Errege bezpera eguna Bergaran ezaguna bada, orduko gazte batzuk Udal pilotalekura urtero Egan ekartzen hasi zirelako da. Bestalde, gazte horiek Txibisto dantzalekua ireki zutenean (1984), Egan ekarri zuten inaugurazio ekitaldirako eta Eganek bere lehen diskoan (Hemen gaude, 1985), Txibistoko dantzaldi horretako argazkia erabili zuen azalean.

Duela 45 urte 'Verdury Jall'-en

Dena den, Eganen Bergararekiko lotura aurreragokoa da. 1970ean sortu zen taldea Azpeitian eta 1971ko Mendekoste jaietarako kontratatu zuten Juven-eko (Juventudes Parroquiales Vergaresas) gazteek, gaur egungo gaztetxearen aurrekoek. Bost emanalditarako ekarri zuten Abadiñoko San Blasetan ikusi ostean. Azoka plazako Verdury Hall-eko dantzaldietarako. Hortik, azaroaren 26ko gaztetxeko emanaldiarekin lotura. Orduko gazte haien semeak gaur egun gaztetxean dihardute eta bien arteko elkarlanaren fruitu da kontzertua.

"Gure hasierako asmoa zen Eganen zatiketaren aurreko kideak berriro batzea emanaldi berezi honetarako, baina ez da posible izan. Edozelan ere, Xabier Saldiasi eskatu diogu errepertorio rockerragoa prestatzeko". Julen Narbaizaren berbak dira, besteak beste, Txibisto dantzalekuko disko jartzaile zenarena. Azkenaldiko formazioarekin etorriko da Bergarara.

Xabier Saldias (Azpeitia, 1951) da Eganeko hasierako kideen artetik dantzaldietan jarraitzen duen bakarra. 1984ko zatiketaren ostean, izenari eta berbenei eutsi zien, azkenaldian joera eta egoera berrietara egokituz, batik bat ume eta gurasoei zuzendutako eskaintzarekin.

Berez, urri amaieran eskaini zuen Eganek azken emanaldia Lezon, baina beste bi egingo dituzte -Bergarakoaz gain, San Nikolasetan Orion- urtea amaitu eta atseden hartu aurretik. Izan ere, Eganek jarraitzeko asmoa du. "Erretiroa hartu dut, pentsioduna naiz ofizialki eta aurki kobratuko dut lehen lan-saria pentsiodun moduan, baina datorren urtean atseden hartu ostean, berbenak utzi eta kontzertuetara zuzenduko dugu taldea. Lasaiago ariko naiz, kamioiarekin, soinu ekipoarekin, hara-hona ibili beharrean, kontratatzen gaituzten lekura joan, jo eta etxera "dio.

Kokein eta Elvis Caino

Azaroaren 26ko emanaldian Kokein eibartarrak izango dira Eganen aurretik. Hasieran Ibon Gaztainazpi telebista aurkezlearen Trapaia zen etortzekoa. "ETB1eko Auzolan saiorako Bergarako gaztetxean grabatzen egon zenean Kartzela zaharrean jotzeko gogoa agertu zuen eta hau zen aukera, baina taldekide bat min hartuta dago eta ezinezkoa da" diote gaztetxetik. Haien ordez datoz Kokein eibartarrak disko berria besapean. Eta jaia borobiltzeko, Elvis Caino disko jartzailea arituko da Eganen ostean. Plan ederra nostalgiaz jotako ez horren gazteentzako eta gaztetxe zaleentzako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak