Zer ote ikustekorik joskintzak eta txirrindularitzak? Lokatzaren kasuan Julian Porturena da biak elkarri lotzeko izena; jostunak konpontzen zizkien gaztetxoei bizikletak, txirrindulari ohi eta zale handia izaki; hura eta Fermin Hernandez; eta Juanito Suinaga, Pello Larrañaga, Joxe Mari Gabilondo...
Bergarako kuadrilla baten izena zen Lokatza. Eta hala deitu zuten 1976an sortutako eskola. Herriko gazteenengan bizikletarako zaletasuna txertatzea helburu, ehunka dira 40 urteotan bertan ibilitakoak, 200dik gora kadete eta gazte mailetan.
Eta aipatzekoa lasterketak antolatzen egiten duten lana ere: makina bat karrera, Gurutz Arrietak Club Ciclista Vergares zenaren lekukoa pasa zienetik.
Bihar –zapatua– egingo dute 40. urtemugako ospakizuna. 10:00etarako frontoian jarri dute ordua bizikleta irteera egiteko; motza izango da, eta klubeko maillot zaharrekin joatea proposatu dute Lokatzakoek. 13:00etan hil hasieratik Dixulan dagoen erakusketa ikustera joango dira –eguneko omenduak protagonista dituena; abenduaren 2ra arte dago–, eta 14:30ean 150 lagun batuko dira bazkaritan. 17:00etan hasita Aranzadiko gimnasioan egingo duten mahai-ingurua, berriz, irekia izango da; bazkaltzen izango ez direnek badute joaterik. Jesus Arantzabal, Migel Bengoa, Santi Aiastui eta Jose Inazio Askasibar omenduekin batera –profesional izanak denak– Txomin Perurenak eta Migel Mari Lasak jardungo dute mahai-inguruan, Arritxu Iribarrek gidatuta.
40 urteoi buruzko liburua ere ari dira egiten, eta zenbait gauza bihar erakutsiko dituzte. Baina ekarpen gehiago ere jasoko lukete –lokatza_ze@hotmail.com–, argazki edo bizipen eran.