Telesforo Monzonen 'Urrundik' liburuaren berrargitalpenaren aurkezpena egin dute Bergaran

Miren Arregi Amasorrain 2016ko aza. 5a, 11:15

Iparraldeko Begiraleak Kultur Elkarteak berrargitaratu zuen iaz Telesforo Monzonen 'Urrundik' poesia liburua eta atzo egin zuten aurkezpena Bergarako Olaso dorrean. 1945ean, Tenancingoko erbeste garaian argitaratu zen lehenengoz liburua. Baserritarra, arrantzalea, pilotaria... Deserriratutako euskaldun baten herriarekiko sentimenduak agertzen ditu liburuak. 

Jose Luis Elkoro bergararrak egin zituen aurkezpen lanak eta ondoren berba egin zuten Begiraleak Kultur Elkarteko presidente Xabier Soubeletek eta literatura saileko arduradun Joseba Aurkenerenak.

Hain zuzen ere, Xabier Soubelet presidentea liburua argitaratzearen arrazoien gainean aritu zen, baina ez hori bakarrik, gogora ekarri baitzituen Telesforo Monzonekin Donibane Lohitzunen bizi izandakoak ere: "Gure ama Tolosarra zen eta gerra garaian erbesteratu ziren. Donibane Lohitzunen erbesteratutako familiek familia handi bat osatzen genuen eta Telesforo guretzat osaba zahar bat bezala zen". Begiraleak Kultur Elkartearekin ere izan zuen harremana Bergaran sortutako politikariak eta horrela eman zuen aditzera Soubeletek: "Telesforo etorri zenean Donibane Lohitzunera hasi zen bere antzerkiak idazten eta gure antzerki idazle handienetariko bat bilakatu zen".

"Telesforok merezi zuen"

Urrundik liburuaren berrargitalpenaren gainean Soubeletek honela esan zuen: "Biarritzeko merkatu zahar baten aurkitu nuen liburua eta Telesforok merezi duela pentsatu genuen". 

Begiraleak Kultur Elkarteko literatur saileko arduradun Joseba Aurkenerenak, bestetik, liburuaren gainekoak azaldu zituen: "Ur Apalategik hitzaurrean dioen bezala, liburu hau aldarri erromantikoa da. Ideologia jeltzaletik sortua, izena, lurra, euskaldunen egalitarismo zaharra, euskal paisaia, gure historia eta euskaldunen hainbat arketipo lantzen ditu trebetasun handiz. Baserritarrari, arrantzaleari, herriko apaizari, pilotariari... Beste pertsona bat gehitzen dio, euskal gudaria, hain zuzen". Eta gaineratu du: "1936ko zorigaiztoko gerran gudariak oso gertutik ezagutu zituen eta mirespen handiz aipatzen ditu liburu honen ildoan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak